Esperientzia oinarri duen azken lana
Gernika-Lumoko Tooth taldeak ‘Amaierarik ez’ izeneko lan berria kaleratu du. Maiatzaren 19an, herrikoen aurrean aurkeztuko dute bigarren lan luzea; Trinkete Antitxokoan egin dute hitzordua jarraitzaileekin.
Bilakaera handia izan du taldeak, eta bere estiloari jarraitzen dio maiatzean kaleratu duen azken lanean, baina ukitu “berriak” dituen diskoa dela aitortu dute Pello Arzanegi eta Iker Roman taldekideek. Izan ere, denbora igaro moduan, “influentzia berriak” har daitezkeela zehaztu dute taldekideek. “Estiloak aurreko lanari jarraitzen dion arren, oraingoa melodikoagoa dela esango nuke. Aurreko birako kontzertu guztien esperientziatik ateratako diskoa da”, adierazi du Romanek. Aurreko diskoagaz alderatuta, ez dela horren “gordina eta iluna” aitortu du Arzanegik, “melodikoagoa” dela adieraziz. Aurreko diskoa taldearen “bigarren fase” moduan definitzen dute, Pello Arzanegi sartu eta Bi diskoa kaleratu zutelako. Horren harira, “taldeari jarraipena eman nahian eta zuzenean jotzen jarraitzeko gogoz”, sei abestiz osatutako bigarren lan luzea egitea erabaki zuten. “Gaur egun jendeak ez ditu hamabi abesti entzuten, beraz, sei abestigaz zuzenak izatea erabaki genuen”, dio Arzanegik; gerora gauzak egiteko gogoari ateak zabalik utziz. Horrez gain, kontzertuz betetako garai batean prestatutako diskoa dela azkena azaldu du Romanek, “jotzeko orduan erritmoak ateratzen” ibili direla arrazoituz: “Disko zuzena eta sinplea egiteko aukeratu ditugu sei abesti. Diskoan gehiago sartzeko aukera eta abestiak izan ditugu, baina aukeraketa egin eta seigaz kaleratu dugu lana”. Izan ere, hara eta hona kontzertuak jotzen ibili zirenean, ez zutela kontzertuetarako entsegatzen eta abestiak sortzen ibili zirela aitortu dute Tootheko musikariek. Sei abestien aukeraketa “prozesu arin baten emaitza” da, baina landutako abestien aukeraketa, berriz, “gustuen araberakoa” izan dela jakinarazi dute taldekideek. “Badaude zuzenean ateratzen zaizkigun abestiak, edota bi buelta edo hiru eman behar zaizkienak”, adierazi dute taldekideek, diskoan “denetariko” abestiak aurki daitezkeela azaltzen duten bitartean. Zuzenean grabatu du Toothek diskoa; asteburu batean Mungian egindako lanaren emaitza da. Instrumentuak Iñigogaz Mungian zuzenean grabatu zituztela eta ahotsak aste barruan egiteko utzi zituztela azaldu du Romanek.Azken lana binilo eta disko formatuan kaleratu du Gernika-Lumoko taldeak
Jorratutako gaiak Diskoak gai «nahikoa tristeak» lantzen dituela azaldu du Romanek: “Norberaren alde introspektiboa lantzen dute diskoko abestiek, intimoak dira letra aldetik; musika, berriz, letra baino alaiagoa dela esango nuke. Bakoitzak bere esperientziak kontatzen ditu azken diskoan”. Gainera, diskoko sei abestietako bat Pulpo ezizeneko lagun bati zuzendutakoa dela azaldu dute Toothekoek: “Gure laguna zen, eta joan egin zaigu. Horregatik, abesti bat berari zuzendutakoa izatea erabaki dugu. Berak beti esaten zigun legez, sinplea eta arina izan behar zen abesti bat egin diogu”. Emanaldiak Euskal Herrian asko mugitu diren arren, nazioartean ere egon dira musika taldekoak, beraien estilo “berezia” herrialde desberdinetako musika jarraitzaileei erakusten. Oraingo lanagaz, apirilean kontzertuak ematen hasteko asmoa izan bazuten ere, hurrengo zapatuan ekingo die ibilbideari. “Disko eta binilo formatuan atera dugu azkenengo lan hau, eta jendeak eskuetan izan arte, ez genuen jotzen hasi nahi”, azaldu du Romanek. Ondorioz, hilabete honetan hainbat kontzertu emango dituzte. Gernika-Lumon hasiko dira, eta Gasteiz, Tolosa, Berriz eta Laudiotik igaroko dira. Zaragozara (Espainia) ere joango dira ekainaren 16an. Gerora erabakiko dute kanpora aterako diren edo ez.Diskoko abesti bat Pulpo ezizeneko lagun bati eskaini nahi izan diote
Leku itxiak dituzte gogoko, taberna zein gaztetxeetan jotzea gehiago gustatzen zaielako: “Gure lekua ez da Gernika-Lumoko Pasealekua. Gusturago gaude gaztetxe, antzoki zein tabernetan, hurbiltzen den jendea taldea ikustera doalako”. Toothek lantzen duen post-harcorra edota noise rocka Euskal Herri mailan Gipuzkoan entzuten dela gehiago aitortu dute, bertan aritzen baitira Bizkaian baino gehiago. “Estilo jakin batean sailkatzen ez den taldea gara, eta denetariko tokietan jo dugu, ondorioz, ateak nahikoa zabalik ditugu”. Kontzertu batzuk lotuta izanik, “urduri” dago lan berriak jendartean izango duen erantzuna zein den ez dakielako: “Berria eta desberdina den lan guztiek bertigoa ematen dute, jendearen erantzuna zein den jakin arte”.Taldekideen alde introspektiboa lantzen duen lana da Amaierarik ez diskoa