Gogotsu naturaren eta parekidetasunaren alde

Gaur egungo gizartean pil pilean dauden, eta elkarren arteko lotura aurkitzea zaila den bi kontzeptu dira klima aldaketa eta aukera berdintasunarena. Bi gaien arteko lotura aurkitzea zaila den arren, Euskal Confintean (Nazioarteko Gazteen Konferentzia) berdintasuna eta ingurumena elkartzea lortu dute gazteek. Urtero legez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 21 ikastetxetako ikasleen ordezkariak Busturiko Ekoetxea Urdaibain batu ziren. Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak izan ziren Busturialdekoak.

Planeta zaintzea helburu nagusitzat duen ekimenak, planetak jasaten duen ingurune krisiaren kontrako gazteen konpromisoa eta erantzukizuna bilatzen du. Hezkuntza prozesua da Confint, adin ezberdinetako eta herri, eskualde, erregio edo kontinente ezberdinetako gazteen arteko prozesu elkarreragilea; elkarregaz ikasteko eta jokatzeko.

Euskal Confitean batutako ikasleak

Euskal Confitean batutako ikasleak

Klima aldaketa, baina, gizartean dagoen arazoa larria da; baita emakumeek zientzian bizi duten bazterketa. Bi kontzeptu horiek Homeward Bound proiektuak uztartu ditu, 80 emakumek osatutako espedizioak hain zuzen. Besteak beste, ingeniari, biologo, irakasle zein politikariek Antartidara bidaiatu zuten, eta hilabetean klima aldaketaren eraginak aztertu zituzten; horien artean izan zen Uxua Lopez ingeniaria. Lopezek Ekoetxea Urdaibain batutako ikastetxeetako ordezkariei bere esperientzia azaldu zien. Gerora, arratsaldean, denak batuta zeudela, talde bakoitzak Antartidan herrialde desberdinek dituzten estazioetan lantzen dutena zer den aurkeztu zuten hitzez eta Antartidaren horma irudi bat osatuz.

Uxua Lopezen esperientzia. Landutakoaren aurkezpenak egin ahala, Lopezek, bere esperientzian oinarritutako galderak erantzun zituen. Batez ere, emakumearen berdintasunari buruzko galderak nagusitu ziren bileran. “Emakumearen lana ezagutzera eman nahi izan dugu proiektu honegaz, eta emakume izateagatik presio zuzenak jasan ez ditugun arren, diskriminazio txikiak bizi izan ditugu”, adierazi zuen Lopezek.

Klima aldaketari buruz, Antartidako biodibertsitatean eraginak “nabaritzen” hasi direla azaldu zuen, lekuak jasotzen duen “turismoaren” ondorioa dela azalduz.

Ikasleek aukera berdintasunaren eta klima aldaketaren arazoa “ezagutarazi” gura dute, eta klima aldaketaz jendea “informatu” gura dutela esan zuten. Gainera, “neurriak hartzea” beharrezkotzat ikusi zuten, eta birziklatzen hasiko zirela aitortu zuten.

Euskal Confintean egindako aurkezpen batean ikasleak

Euskal Confintean egindako aurkezpen bat

Urtero egin legez, aurten ere, Sukarrietako Ingurumen Hezkuntzako Zentroak ere parte hartu zuten ekitaldian, eta ikastetxe bakoitzari landare bat oparitu zieten beraien ikastetxeetan landatzeko; joan etorrian sortutako emisioak parekatzeko.

Hori horrela, arazoak ezagutarazi behar direla ondorio nagusia izan bazen ere, parekidetasunaren eta naturaren alde egiteko beharrezko tresna “nahia” zela azpimarratu zuten.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend