Ahotsak batzeaz gain, esperientziak sor ditzake koru bateko partaide izateak; herrialde ezberdinetako txokoak ezagutu eta bertako kantuak abestea, esaterako. Estokolmo eta Gernika-Lumo abestien bitartez lotu zituzten asteburuan Estokolmoko Pressroter koruko kantariek Urdaibai Kantagunekoekin batera. Kantekin «pertsonak batu eta harreman estuak» sortu zituztela adierazi du Ana Mari Ordoñez Urdaibai Kantaguneko kideak.
Eguenean Astran hartu zituzten Kantaguneko kideek suediarrak, eta elkarrekin afaldu zuten. Bertan hasi ziren bi taldeetako abeslariak beraien arteko hartu-emanak garatzen. Zapatuan berriz elkartu ziren, eta kantujira egin zuten herriko kaleetan zehar. 19:00etan hasi, eta kalerik kale ibili ziren pare bat orduz; elkarren abestiak ondo ikasita zituztela erakutsi zuten.
Topaketetan gertatu modura, elkarren kulturari buruzko interes handia erakutsi zuten bi koruek. Horren harira, Suediako abeslariek Euskal Herriko kantuak abestu zituzten Urdaibai Kantagunekoekin batera. Abestien doinuekin soilik, eta hizkuntza ezagutu barik, intonazioa, erritmoa eta melodia «oso ongi» jarraitu zituztela adierazi du Ordoñezek. Txoriak txori abestia izan zen batera abestu zuten euskal kantua, eta errima hori hartuta, suediarrek «beste abesti bat» osatu zutela jakinarazi du Ordoñezek; «eskerrak emateko abestia izan zen hura».
Suediarrak eta Urdaibai Kantagunekoak abesten, barikuan
Abestiez gain, Euskal Herriko dantzek ere suediarren interesa bereganatu zuten. «Arin arina, jota, jauzia eta pasodoblea bezalako dantzak dantzatu genituen, eta suediarrek saiakerak egin zituzten; izan ere, gure pausoak jarraitzen zituzten». Erabateko interesa erakutsi zutela adierazi du Ordoñezek, eta oso pozik joan direla Suediara gehitu du.
Suediako koruko partaideek Gernika-Lumora egindako bisitan asko abestu zuten arren, ingurua ezagutzeko aukera ere izan zuten. Urdaibai Kantaguneagaz batera herriko txoko desberdinak ezagutu zituzten, baita hauei buruzko informazioa jaso ere. Batzarretxea, Astra, Bakearen Museoa, Pasealekua zein Astrako bunkerra bisitatu zituztela jakinarazi dute Urdaibai Kantagunekoek. Hala ere, herria ezagutzeaz gain, Bilbo eta Donostia ere bisitatu zituzten. «Esperientzia oso polita eta aberatsa izan da elkartrukeagaz lortutakoa», adierazi du abeslariak. Esperientzia pertsonalean oinarrituta, ondo landutako abesbatza dela azaldu du, eta ahots «oso onak» dituztela gehitu du. Urte asko daramatzate Pressroter korukoek abesten, eta esperientzia handiko korua da, sopranoz, baritonoz, kontraltuz eta kontrabaxuz osatutakoa.
Gonbidapena. Esperientziaz jantzi zuten asteburua Urdaibai Kantaguneko eta Pressroter korukoek, beraien artean harreman estua sortuz. 126 abeslari batu ziren, eta herriko kaleetan pozik abestu zituzten herrialde bateko zein besteko abestiak. Hori horrela, domekan agurtu zuten elkar, baina «gero arte» bat izatea espero dute bi koruek: «Oso aberatsa izan da Suediako korua herrian jasotzea, oso gustura egon gara, eta bertara joateko gonbidapena egin digute».
Emozioz betetako agurra izan zela domekakoa jakinarazi dute Kantagunekoek, eta berriro elkartzea gustatuko litzaiekeela gehitu. «Esperientzia paregabea izan da, errepikatzekoa».