Suedia eta Gernika-Lumo abestiekin batuz
Urdaibai Kantagunearen eta Estokolmoko Pressroter koruaren emanaldiaz gozatu zuten herritarrek atzo arratsaldean, Gernika-Lumoko kaleetan. Musikak “pertsona guztiak batzen” dituela adierazi zuen suediar koruaren ordezkariak: “Bi urterik behin egiten ditugu halako bidaiak, eta beti leku ederrak aukeratzen ditugu”.
Euskal Herriko eta Suediako abesti herrikoiekin osatu zuten atzoko kantujira. 19:00ak aldera Astratik irten, eta kalerik kale ibili ziren pare bat orduz; elkarren abestiak ondo ikasita zituztela erakutsi zuten. Gero, Astran afaldu zuten elkarregaz.
Estokolmotik 68 pertsona etorri dira, eta egunotan bi abesbatzetako kideek hainbat ekintza egin dituzte. Urdaibai Kantagunekoek bertoko leku esanguratsuak erakutsi dizkie suediarrei.