Emakumeak oholtzan jarri dituen antzerki zikloagaz jarraituko dute bihar
Circus of Dreams kabaret txikia antzeztuko du Bea Insak, bihar, Trinkete antitxokoan.
Iaz egin ez bazuten ere, aurten, hutsik egin barik ailegatu da Atxiki formatu txikiko antzerki zikloa Gernika-Lumoko Trinkete antitxokora. Apirilaren 20an egin zuten lehen saioa, eta 50 bat lagun erakarri zituen orduan Enriqueta Vegaren Diva di Palo antzezlanak. Bea Insarena bigarren saioa izango da.
Trinketen musikari lotutako emanaldiak ikustera ohituta dago herria, baina duela hamar bat urtetik, antzerkigintzari lotutakoak ere izaten dira.
Kolektiboko kide Irantzu Azpeitiak dio, “toki aproposa” iruditu zitzaiola Trinkete antzerki sortzaileak eramateko; hala, emanaldi solteak antolatzeari ekin zioten. Momentu batean, baina, antzerki ziklotxo bat egitearen ideia otu zitzaion, eta hala egin zuen, kolektiboko kideekin elkarlanean.
Hasieran, ez zela jende askorik gerturatzen aitortu du; “25 bat lagun edo”. Baina, hazten hasi da: “Egun, herriko elkarte zein antzerki zaleek badakite antzerki ziklo hau antolatzen dela Trinketen, eta urtero ospatzen dugula”. Data zehatzik egon ez arren, udaberrian egin ohi izan dute.
Aurtengoa, hala ere, berezia da; izan ere, zikloak bilduko dituen lau lanak emakumeek antzeztuko dituzte. “Aurtengo protagonistak emakume sortzaileak izatea pentsatu nuen; izan ere, normalean, eta zoritxarrez, antzerki munduan ere zuzentzen duten gehienak mutilak izaten dira”.
Hala, Enriqueta Vegaren lekukoa hartuta iritsiko da bihar Bea Insa. 21:30ean hasiko du saioa Trinketen, eta momentu barregarri zein dramatikoak eramango ditu oholtza gainera.
Hurrengo emanaldia Maite Guevararen eskutik iritsiko da maiatzaren 25ean:?Ahora. Testu gutxi izan arren, gauza asko kontatuko dituela aurreratu du Azpeitiak.
Aurten, Eneritz Artetxe gernikarrak emango dio amaiera formatu txikiko antzerki zikloari, Karramarroa lanagaz. Ekainaren 8an izango da hori. Gernikarraren antzezlanaren ostean, gaua luzatzeko eta zikloari amaiera borobila emateko, Atxiki fest jaitxoa egingo dute. “Artista hauek antzerki munduan profesional mailan aritzen dira; beraz, guretzat, Trinketera etortzea opari bat da”.