Julen Ibarguengoitiak irabazi du Udaberri faseko seigarren saioa
Gautegiz Arteagan jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako seigarren saioa irabazi zuen zapatuan Julen Ibarguengoitia gernikarrak. 173 puntugaz lehenengo geratu zen, bigarrena baino bost puntu eta erdi gehiago eskuratuta.
Gautegiz Arteagako Kultur Etxean jokatu zen seigarren saioa, eta antolatzaileen berbetan “giro onean jokatu zen sailkapen saioa” izan zen. Sei bertsolari aritu ziren oholtza gainean Ibarguengoitiaz gain, Igor Galarza, Iker Garitagoitia, Itxaso Paia, Joseba Barandiaran eta Maider Barañano.
Zortziko handian eta puntu erantzunetan lortu zituen puntu gehien Ibarguengoitiak, eta bakarkakoan ere ondo aritu zen bertsolaria. Guztira, 173 puntugaz, lehenengo postuan sailkatu zen; bigarrena Joseba Barandiaran izan zen, eta hirugarrena Itxaso Paia.
Gai emaile lanetan Leire Garatxena Larrabe aritu zen, eta epaimahaia Iñaki Aurrekoetxeak, Mirari Azulak eta Miriam Juaristik osatu zuen. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea egon zen.
Hurrengo saioak. Balmasedan jokatuko da hurrengo saioa domekan, eta egun osoko egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. 10:00etan Bizkaiko eskolartko idatzizko finala egingo dute frontoian; 11:30ean, eskolarteko bat-bateko finala Klaret antzokian; 14:30ean bazkaria frontoian, eta 17:30ean hasiko da Udaberriko fasea Klaret Antzokian.
Bertan, sei bertsolarik abestuko dute: Iñaki Lersundi (Ondarroa), Aitor Bizkarra (Abadiño), Aritz Landeta (Getxo), Beñat Molina (Durango), Ion Barrocal (Trapagaran) eta Jon Ander Urkiaga (Zornotza).