Urteko lehen hiruhilekoan birziklatze tasak gora egin du Lea-Artibai eskualdean
Zabor kopurua jaitsi eta gai guztien sailkapenak gora egin du. Herritarren konpromisoa handitzen doala ikusi dute. Zabor sortzaile handienekin lanean jarraituko du AmankomunazgoakLea-Artibai Amankomunazgoak 2018ko lehen hiruhileko zabor bilketaren datu...
Zabor kopurua jaitsi eta gai guztien sailkapenak gora egin du. Herritarren konpromisoa handitzen doala ikusi dute. Zabor sortzaile handienekin lanean jarraituko du Amankomunazgoak
Lea-Artibai Amankomunazgoak 2018ko lehen hiruhileko zabor bilketaren datuak jaso ditu. Organikoa sailkatzen hasi zirenetik jaso dituzten lehen datuak dira. Oro har, datuak «oso positiboak» direla esan dute, eta horren adibide da lehen hiruhilekoan birziklapen tasak gora egitea.Ez bakarrik organikoarenak, gai guztien sailkapenak gora egin du. Eta zabor kopurua ere jaitsi egin da. Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidenteak aipatu duenez, aurreikuspenak betetzen doaz. Errefusaren jaitsiera azpimarratu du; 246.691 kilo gutxiago jaso dira aurten. «Kontuan hartu behar da baita ere, hainbat herritan urtarrilean oraindik organikoa batzen hasteko sistema ezartzen zeudela. Beraz, datu horiek norabide positiboa erakusten dute, eta hobetze bidean doaz».
Bigarren hiruhilekoan zabor sortzaile handiekin lanean jarraituko dutela esan dute Amankomunazgoko kideek: «Ikastetxeekin, tabernekin, jatetxeekin eta janari dendekin elkarlanean, konpromisoa handitzen eta emaitzak hobetzen joango gara».
Euren esanetan, organikoa sailkatzeko erraztasunak jarrita, gainontzeko zaborraren sailkapena egitea errazagoa izan da herritarrentzat, eta konpromisoa handitzen doala ikusi dute.
Lea-Artibai ingurumenaren errespetuagaz kontzientziatuta dagoen eskualdea dela dio Eluk. «Orain bide horretan sakondu behar dugu».