"Presazko batzarra" eskatu dio Pasileku lantaldeak udalari
Gernika-Lumoko Pasealekuaren harira hitz egiteko “presazko batzarra” eskatu dio Pasileku lantaldeak Gernika-Lumoko Udalari;?izan ere, taldekideen ustez, “azkenaldian bideratzen ari diren neurri ezberdinak ikusita, etorkizunera begira eman beharreko pausoei buruz arduraz hausnartzea ezinbestekoa da”.
Hiru urte igaro dira Pasileku Parte Hartze prozesua burutu zutenetik. Herritar guztien artean etorkizuneko Pasealekua marrazteko helburuagaz hasi zuten prozesua, eta batzarrez batzar, lan “handia eta ona” egitea lortu zuten. Diagnostikoa egin zuten lehenengo, Pasealekua izan denaz eta denaz hitz eginez, eta herriaren egoerari, beharrizanei eta aukerei erreparatuz. Proposamenak bildu zituzten ondoren, Pasealekuak zein beharrizan bete ditzakeen eta zein aukera dituen eztabaidatuz eta lehentasunak finkatuz. Azkenik, ondorioak atera zituzten, erabakiz zein proiektu gauzatuko diren.
Prozesu hori herriko eragile, norbanako, zein udaleko zinegotzi eta alderdi politiko ezberdinen artean gauzatu zuten, horien denen artean proiektu orokor bat adostuz. “Askoren artean egindako lan eder eta emankorra” izan zela diote lantaldeko kideek.
“Prozesu horren ondorioetan, herritarron beharrizan eta nahiei erantzuten zion proiektua marraztu genuen. Zoriontzeko moduko bidea eta emaitza egin genuen”.
Erabakitakoa “bermatzea”. Orain, baina, “azkenaldian bideratzen ari diren neurrien aurrean”, proiektu horretan erabakitakoa “bermatu” dezan eskatu nahi diote udalari. “Udalak Pasealekuko plaza atontzeko asmoa agertu zuen, eta orain, eskultura bat jarri nahi du Pasealeku erdian. Ez dugu begi onez ikusten lan bat eginda dagoenean horrelako erabakiak hartzea herritarrak kontuan izan gabe”, kritikatu du Pasileku lantaldeak. Eta gogorarazi du Pasealekua ez dela edozein leku, “Gernikako bihotza baizik”.