Gernika bonbardatu zutenetik 81 urte igaro dira, eta gertatutakoa gogoratzeko udalak eta Gernika Gogoratuz elkarteak
hainbat ekintza antolatu dituzte biharko. Memoriaren Ibilbidea ekimena da aurtengo urteurrenari begira antolatutako ekitaldi berrietako bat.
4 minutu ekimena, iaz Merkurion
Gernika-Lumon 1937ko apirilaren 26an gertatutakoa memorian mantentzeko, eta bonbardaketan hildakoak omentzeko ekitaldiz beteko da herria bihar, baita asteburuan ere. Udalak eta Gogora institutuak
Memoriaren Ibilbidea egingo dute 11:00etan Batzarretxean hasita, eta herriko lekurik esanguratsuenetan jarritako panel informatiboak inauguratzea du helburu. Panel bakoitzak leku bakoitzari buruzko informazioa eta memoria lanketa egiten du. Ibilbidean gainera, Pasealekuko babeslekuei irekiera emango dietela jakinarazi du udalak.
Urtero legez, 15:45ean, 4 minutu ekimena egingo dute, eta sirena eta kanpai hotsak entzungo dira herrian. Gernika Batzordeak, Gernikako Lobek eta Kultur Etxeak antolatutako ekimenean, aurten, Gernika-Lumoko
ikastetxeetako gazteek aktibatuko dute sirena.
Biharko egunaz gain, asteburuan ere bonbardaketa eta 36ko gerra gogorarazten duten hainbat ekintza egingo dira Gernika-Lumon.
Kale Antzerkia egin zuten iaz
Ekintza horien artean, “gerran demokrazia eta askatasuna gorde zuten euskal gudariei” omenaldia egingo die udalak
zapatuan,
Pasealekuan. 13:00etan,
gudariei omenaldia egiten dien eskultura inauguratuko dute, eta horregaz, “bizikidetza, bakea, askatasuna eta demokrazia babesteko borrokatu zutenentzako justizia eta omenaldi jarduna” gauzatu gura duela adierazi du udalak.
Pasealekuan jarriko den brontzezko eskulturak 3,17 metroko luzera eta 1.200 kiloko pisua dauka. Jaizkibel Fundazioak egin du, “gudarien adorea hurrengo belaunaldiei erakusteko eta oroitzapena eta memoria ez galtzeko”.
Hitzaldiak. Gernika Gogoratuz elkarteak, gainera, astebururako hainbat
elkarrizketa eremu ireki ditu Hiroshimak eta Gernikak Bakearen Kulturari egindako ekarpen sinbolikoa aztertzeko. Izena ematea beharrezkoa da horietan parte hartzeko.
Elkarteak esan duenez, “gerra eta ugaritze nuklearra garaiko errealitateak dira”, eta horiei buruzko hitzaldiak egingo dituzte. “Iraganeko gertaeratik ikasi behar dugu gizateriaren aurkako mehatxuak saihesteko, eta, aldi berean, planetarentzako jasangarriak diren ekimenak garatzeko gaitasuna landu behar dugu”.
Egitaraua:
Bihar:
11:00. Memoriaren ibilbidea, Batzarretxetik abiatuta. Leku esanguratsuetan jarritako panel informatiboen inaugurazioa eta Pasealekuko babeslekuaren irekiera.
12:00. Bakearen eta Berradiskidetzaren aldeko XIV. Gernika Sariak, Lizeo antzokian: Daniel Barenboim eta Helena Maleno sarituko dituzte.
15:45. 4 minutu herri ekimena. Kanpai eta sirena hotsa Astratik, Foru Plazatik, Errenteriako zubitik, Agarre plazatik eta Institututik.
16:30. Bonbardaketako biktimen aldeko elizkizuna eta lore eskaintza, Zallo hilerrian.
Barikuan, apirilak 27:
10:00-10:30. Gernikako Kultura eta Bakearen Nazioarteko 28. Jardunaldien inaugurazioa, Elai-Alai aretoan.
10:30-12:00. Oroitzapenak, gobernantza eta ziurgabetasuna. Zer ikasi dugu? jardunaldia, Elai-Alai aretoan.
12:00. Lore eskaintza ekitaldia, Jose de Labauriaren eskultura parean.
12:30-14:00. Bizitzaren iraunkortasunerako aukerak jardunaldia, Elai-Alai aretoan.
13:00. Lore eskaintza, George Steer kazetariaren eskulturan.
16:00-17:30. Bizirautetik bizitzera. Zertan ari gara? jardunaldia, Elai-Alai aretoan.
17:30-19:00. Ongi Etorri Errefuxiatuak dokumentalaren estreinaldia, Elai-Alai aretoan.
20:30. El latido de Urdaibai dokumentala, Elai-Alai aretoan.
Zapatua, apirilak 28:
10:00-12:00. Gatazka egoeran dauden lurraldeak: Gaitasunak sendotzeko eta bizi aukerak eraikitzeko ikerketa, prestakuntza eta ekintza proiektuaren aurkezpena, Elai-Alai aretoan.
12:00-12:15. Gernikako Kultura eta Bakearen Nazioarteko 28. Jardunaldien amaiera ekitaldia, Elai-Alai aretoan.
12:30-18:00. I. Gatazkan dauden lurraldeak proiektuaren nazioarteko mintegia, Gernika Gogoratuz egoitzan.
13:00. Gudariei omenaldia eskulturaren inaugurazioa, Pasealekuan.
Domeka, apirilak 29
09:00-13:00. Hiroshimako alkatearen eta Japoniako ordezkaritzaren bisita.
12:00. Hiroshimako bonba atomikoak kaltetutako arbolaren bigarren belaunaldia landatzeko ekintza, Europako Herrien Parkean.