Hartzailea igorleari so
Inguruko ikastetxeetako ikasleekin esperientziak trukatzen ari gara azkenaldian HITZAko lantaldekook; azken bisita Busturira egin dugu, eta giro onean igaro genuen goiza.Igorlea hartzaile barik ez da gauza bera izaten; azalpenak ematen dituena entzule ...
Inguruko ikastetxeetako ikasleekin esperientziak trukatzen ari gara azkenaldian HITZAko lantaldekook; azken bisita Busturira egin dugu, eta giro onean igaro genuen goiza.
Igorlea hartzaile barik ez da gauza bera izaten; azalpenak ematen dituena entzule barik ez da gauza onena izaten. Era askokoak izan daitezke azalpen horien beste aldean jartzen direnak: adi-adi entzuten dutenak, jaramon handiegirik egiten ez dutenak, azkarrak, alperrak, isilak, zaratatsuak…HITZA egunkarian baditugu hartzaileak; besteren artean, lantaldeak egindako beharra jaso, hartu, barneratu eta zabaltzen dutenak. Irakurleak izaten dira horietako asko, baina, azkenaldian, eskualdeko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak ditu HITZAk hartzaile berezienak. Bateko eta bestekoetakoak izaten dira; Allende Salazarrekoak izan ziren lehenengo, eta Montorrekoak ondoren. Barrutialdetik igaro ostean, Jose Maria Uzelaikoengana ere iritsi ginen kazetariok. Guztiak hartzaile bikainak; guztiak kuttunak.
Egunkarietako orrialdeak bete ahal izateko kazetariok egiten dugu bada behar bat; egiten dugu lanketa bat. Eta hori zein den azaltzeko bisitak egiten ari gara Busturialdeko hezkuntza zentroetara.
Joan den barikuan, esaterako, Busturiko Jose Maria Uzelai herri ikastetxean egon ginen. Kazetariok erabiltzen ditugun testu tipologiak lantzen aritu ginen, besteak beste, hirugarren zikloko ikasleekin.
Albiste, erreportaje eta elkarrizketen arteko desberdintasunez eta lanketaz ere aritu ginen kazetari, ikasle eta irakasleak.
Kazetariok eman genituen azalpenak, baina ikasleek ere eman zituzten beraien iritzi eta adierazpenak. Oso gustura aritu zen HITZAko lantaldea, eta ikasle eta irakasleen arreta eta erakutsitako interesa nabarmendu gabe ezin utzi.
Jose Maria Uzelai ikastetxean egon ostean, Mundaka eta Bermeora joango gara maiatzean kazetariok, azalpenak eman eta jasotzeko prest.