Bermeoko lau eremuren azterlan sozio-urbanistikoa martxan jarri du udalak
Azterlanaren helburua «gune degradatu» izendapena lortzea da, finantziazioa lortzeko. Udalak Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre biziberritu eta irisgarritasuna bermatu nahi duBermeoko Udalak Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragi...
Azterlanaren helburua «gune degradatu» izendapena lortzea da, finantziazioa lortzeko. Udalak Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre biziberritu eta irisgarritasuna bermatu nahi du
Bermeoko Udalak Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre eremuen azterlan sozio-urbanistikoa egingo du. Azterlanaren helburua Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bereziak ematea da, gune horiek biziberritu eta haien irisgarritasuna bermatzeko asmoagaz.Atzo egindako agerraldian, Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza zinegotzia, Santi Murua Berualako zuzendaria, Laia Fernandez Estudio Elaneko kidea eta Iñaki Enriquez Bizilaneko teknikaria egon ziren. Azken bi horiek izango dira Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre eremuen azterlan sozio-urbanistikoa egiteko ardura hartu dutenak.
Ormaetxeak aipatu duenez, herriko auzo batzuk biziberritu egin behar dira; izan ere, hirigintzari dagokionez, «ahulezia» ugari dituzte. Hori ikusita, Jaurlaritzak aipatutako diru laguntza horiek eman eta toki hori «gune degradatu» bezala izendatzea lortu behar dela esan du.
Hala izatea lortuko balitz, eremu horretako etxebizitza eta eraikinen konponketa eta mantentze lanetarako finantziazioa edukiko luke udalak; horregatik, izendapen hori lortzea «ezinbestekoa» dela adierazi du urigintza zinegotziak.
Diru laguntza horiei esker, gune horiek hobetu nahi ditu udalak, herritarrentzako «erosoagoak» eginez eta «bizi kalitate maila areagotuz».
Laguntzak eskuratzeko, gune horretako eraikin eta biztanleriari buruzko informazio eta datuak bildu behar dira. Datuak biltzeko asmoagaz, gunean bizi diren herritarrei zuzendutako hiru galdetegi landu dituzte teknikariek.
620 inkesta
Inkestek jorratuko dituzten gai nagusiak «eremuko biztanleriaren errenta eta langabezia maila, eraikuntzen egoera eta bizigarritasun baldintzak edota urbanizazioen egoera» izango dira; betiere, Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre kaleko eraikinak kontuan hartuz.
620 inkesta banatuko dituzte ikertu nahi den gunean bizi diren etxebizitzetako biztanleen artean, eta 90 inguru zonako komertzioentzat. Inkestekin guneko «karakterizazio sozio-ekonomikoa» lortu nahi dute.
Inkesta betetzen duten horien pribatutasuna bermatzeko, udalak eta teknikariek haien anonimatua «ziurtatuko» dute, inkestatzaileek udaletik datozela egiaztatzeko akreditazioa eramanez. Azterlana eremuek dituzten «arazoak eta gabeziak bilatzeko tresna» bat dela eman du aditzera.
Ormaetxeak azaldu duenez, herritarren laguntza beharrezkoa izango da azterlana gauzatzeko. Hori dela eta, inkestak egitera animatu ditu Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre kaleetako herritarrak. Muruak aipatu duenez, gune horiek aipatu izendapena lortuz gero, Alde Zaharreko etxebizitzei ematen dizkieten moduko diru laguntzak eskatu ahal izango ditu Bermeoko Udalak.