120 pertsona eta giro ona, Norez Talde Feministaren aurkezpenean
Jaialdiak izandako erantzunagaz «pozik» azaldu dira talde feministako kideak. «Indarkeriei aurre egiteko» lanean jarraituko dutela nabarmendu duteNorez Talde Feminista aurkeztu zuten Bermeoko Kapillan, zapatuan, kontzertuz eta ezustekoz beteriko ga...
Jaialdiak izandako erantzunagaz «pozik» azaldu dira talde feministako kideak. «Indarkeriei aurre egiteko» lanean jarraituko dutela nabarmendu dute
Norez Talde Feminista aurkeztu zuten Bermeoko Kapillan, zapatuan, kontzertuz eta ezustekoz beteriko gauean.Chocolate Remix talde argentinarraren, Tarantistak bikotearen eta Maripily DJaren emanaldien ostean eman zioten hasiera sortu berri duten talde feministaren aurkezpenari, «ekitaldi xume bategaz».
Sentipen positiboak dituzte Norezeko taldekideek. «Zapatua egun nahasia» izan zela azaldu dute, egun horretan «Bermeon ekintza asko» prestatuta zeudela aipatuz. Hala eta guztiz ere, 120 pertsona inguru bildu ziren iluntzean Kapillan.
Taldekideen beste beldurretako bat aurkezpen ekitaldian bermeotar gutxi ikustea zen, eta «kontzertuen estiloarengatik» kanpotar gehiago erakarriko zituztelakoan zeuden. Alabaina, kanpotik etorritako pertsona ugari izan ziren arren, bermeotar asko ere bertaratu zirela adierazi dute.
Horrenbestez, kolektiboaren arduradunak «pozik» agertu dira jaialdiak izandako erantzunagaz. Bertan bildutako lagunekin gaua «oso gustura» igaro zutela azpimarratu dute.
Horrez gain, «behin eta berriroko indarkeriei» aurre egitea bilatzen jarraituko dutela nabarmendu nahi izan dute.