Pausoz pauso, Alde Zaharra biziberritzen
Bermeoko Alde Zaharra biziberritzeko ekintzak egin zituzten zapatuan. Lore azoka, marrazki lehiaketa, paella erraldoia, eta musika egon ziren aukeran Goiko Plazan, eta herritar gazte zein nagusiak bertaratu ziren.Lore eta marrazkiek bizitzaz bete zuten...
Bermeoko Alde Zaharra biziberritzeko ekintzak egin zituzten zapatuan. Lore azoka, marrazki lehiaketa, paella erraldoia, eta musika egon ziren aukeran Goiko Plazan, eta herritar gazte zein nagusiak bertaratu ziren.
Lore eta marrazkiek bizitzaz bete zuten Bermeoko Goiko Plaza, zapatuan. Alde Zaharra biziberritzeko proiektuak kolorez margoztu zituen plazako txoko desberdinak, eta adin guztietako herritarrak hurbiltzea eragin zuen; Goiko Plazara bertaratutakoek lore azoka ikusteko edota paella erraldoia dastatzeko aukera izan zuten.10:00ak aldera jarri zituzten lorez betetako postuak, eta eguzkiak plaza argiz bete zuenerako, herritarrak bertan ziren. Goizetik eguerdira artekoa izan zen azoka, eta askotariko postuek osatu zuten. Loreak saltzeaz gain, ekologiagaz zerikusia zuten postuak ere jarri zituzten herritarrek; baita umeek barazkiak nola landu behar dituzten azaltzeaz eta praktikan jartzeaz ardutatu ziren postuak ere.
Loreek, baina, marrazkiei lekua egin zien zapatuan. Ikastetxe eta ikastoletako gazteen marrazki lehiaketaren sari banaketa eta erakusketa egin zituzten. Barrueta Arte Elkartea arduratu zen sari banaketaz, eta familia eta lagun aurrera atera ziren saridunak. «Guztiak dira irabazleak, beraien gelako marrazki onenen modura aukeratu dituzte eta. Guztietatik hiru nabarmenduko ditugu, beste barik», azaldu zuten Barruetakoek.
Bi kategoriatan banatu zituzten parte hartzaileak: 6 eta 8 urte bitartekoak eta 9 urtetik gorakoak. Irabazleei, dagokien sariaz gain, lore bana eman zieten arte elkartekoek.
Paella erraldoia
Paella erraldoiak ere eduki zuen tokia azokan; izan ere, lore azoka hasi zenetik, paella sukaldatzen aritu ziren arduradunak. Goizean jai giroa nagusi izan zen plazan, eta eguerdian paella dastaketagaz jarraitu zuen.
Arratsaldean, DJa aritu zen plaza musikaz betetzen; txosna 20:00ak arte egon zen zabalik.
Koloreak, beraz, tokia izan zuen Alde Zaharrean, guneari balorea ematea lortuz.