Ordiziarren kontra galduta agurtu dute 2017-2018 denboraldia basurdeek
Gernika RTk 30-21 galdu du Ampo Ordiziaren kontra. Erasoan zein defentsan berdintsu aritu dira bi taldeak. Talde ordiziarrak ligako titulua lortzeko kanporaketa lehiatuko du bi aste barruOhorezko Mailako klubek azken jardunaldia lehiatu dute asteburuan...
Gernika RTk 30-21 galdu du Ampo Ordiziaren kontra. Erasoan zein defentsan berdintsu aritu dira bi taldeak. Talde ordiziarrak ligako titulua lortzeko kanporaketa lehiatuko du bi aste barru
Ohorezko Mailako klubek azken jardunaldia lehiatu dute asteburuan. Gernika Rugby Taldeak ezin izan du garaipena lortu denboraldia amaitzeko; Ampo Ordiziak etxeko zaleen aurrean irabazi dio talde gernikarrari.30-21 amaitu zen bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko derbia Altamiran, zapatuan. Hain zuzen, 2017-2018 denboraldian Gernika RTk galdu duen derbi bakarra da Heineken Ligaren azken jardunaldi honetakoa (sei derbietatik bost irabazi ditu).
Etxeko taldeak lortutako lehen marka baliogabetu egin zuen epaileak, baina segituan beste bat lortu, eta markagailuan aurretik jarri zen (0-5). Berehala erantzun zuen talde gernikarrak; Ederrek baloia bereganatu, eta Fedek eskuratutakoan entsegua egin zuen. Olaetak transformatu egin, eta markagailuan aurretik jarri ziren: 5-7. Jokaldi horrek basurdeak suspertu zituen, eta, ondoren, Mateok, Afteek eta Montesek egindako jokaldian heldu zen euren bigarren marka. Olaetak ez zuen hutsik egin, eta, beraz, bederatzi puntuko errentagaz jarri ziren.
5-14ko markagailua izan arren, oraindik ere minutu asko zeuden aurretik, eta basurdeek bazekiten ez zela partidu erraza izango. Ordiziarrek, gaztigu ostiko bategaz errenta murriztea lortu zuten, eta beranduago, entsegua lortuta, markagailua irauli zuten: 15-14.
Hurrengo minutuetan bi taldeak partiduaren kontrola bereganatzeko ahaleginean aritu ziren. Biek ala biek arrisku jokaldiak sortu zituzten, baina intentsitatea jaitsi, eta partiduaren hasierako minutuetan baino arrisku gutxiago eragin zuten.
Puntu bakarreko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bigarren zatiaren hasierako minutuetan parekotasun handia ikusi zen zelaian. Etxeko taldeak hartu zuen baloiaren jabetza, eta estu hartu zuen talde gernikarra.
Bi taldeek defentsa lan sendoa egin behar izan zuten. Hainbat minutuz erasoko jokaldietan fruiturik jaso barik egon ziren, baina etxekoek gaztigu ostiko bategaz beste hiru puntu lortu, eta 18-14ko markagailuagaz jarri ziren.
Lehen zatian moduan, bigarrenean ere Ordiziak egin zuen lehen entsegua. Eta aurkariari erantzuteko astirik eman barik, segituan beste marka bat lortu, eta errenta handitu zuten: 30-14.
Partiduko azkenengo jokaldian egin zuen Palisak Gernika RTrentzat denboraldiko azken entsegua.
Zortzigarren
44 puntugaz, zortzigarren postuan amaitu du Gernika RTk Heineken Liga. VRAC Quesos Entrepinaresek erakustaldi bikaina eman du denboraldi osoan, eta lider menderaezina izan da. 21 garaipenekin, 102 puntu pilatu ditu.
SilverStorm El Salvador bigarrenak 97 puntu bildu ditu, eta Sanitas Alcobendas Rugbyk 77 puntu. Alcobendasengandik bi puntura geratu da Senor Independiente Rugby, eta Ampo Ordiziak bosgarren amaitu du. Bestalde, Getxo Arteak garaipenagaz agur esan dio Ohorezko Mailari.
Liga titulua lortzeko kanporaketak maiatzaren lehenengo asteburuan hasiko dira. Kanporaketaren lehen jardunaldian, Alcobendasek etxean hartuko du UE Santboiana, eta Independienteren zelaian jokatuko du Ordiziak.
Ondoren, finalerdietan VRACek Independienteren eta Ordiziaren arteko neurketaren kontra jokatuko du, eta beste finalerdian, El Salvador Alcobendasen edo Santboianaren kontra lehiatuko da.