Norez talde feministaren aurkezpena egin dute
Chocolate Remix talde argentinarraren, Tarantistak bikotearen eta Maripily DJaren emanaldien ostean eman zioten hasiera sortu berri duten talde feministaren aurkezpenari, “ekitaldi xume bategaz”.
Sentipen positiboak dituzte Norezeko taldekideek. “Zapatua egun nahasia” izan zela azaldu dute talde feministakoek, egun horretan “Bermeon ekintza asko” prestatuta zeudela aipatuz. Hala ere, 120 pertsona inguru bildu ziren zapatu iluntzean Kapillan.
Taldearen beste beldurretako bat ekitaldian bermeotar gutxi ikustea zen, eta “kontzertuen estiloarengatik” kanpotar gehiago erakarriko zituztelakoaren ustea zeukaten. Alabaina, kanpotik etorritako pertsona ugari izan ziren arren, bermeotar asko ere hurbildu zirela adierazi dute.
Beraz, kolektiboaren arduradunak “pozik” azaldu dira jaialdian lortutakoagatik. Bertan bildutako lagunekin gaua “oso gustura” igaro zutela azpimarratu dute.
Norez Talde Feminista Sareginek Bermeoko sare feminista banatu ondoren jaiotako kolektiboa da. Besteak beste, Norezeko kideek “behin eta berriroko indarkeriei” aurre egitea bilatzen dutela jakitera eman dute.