'Nerabeak eta alkohola' ikastaroan parte hartu duten profesionalek balorazio oso positiboa egin dute
Bermeok Udalak alkoholaren prebentzioa lantzeko Nerabeak eta Alkohola ikastaroa eskaini die hezkuntza, osasun eta aisialdi arloan lanean ari diren profesionalei.
20 pertsona inguruk hartu dute parte formakuntzan: herriko ikastetxeetako irakasleak, hezitzaileak, anbulatorioko medikuak, herriko botikariak, kale hezitzailea edota GHETeko langileak, eta horiek balorazio “oso positiboa” utzi dute.
Hiru orduko hiru lan saio egin dituzte, eta parte-hartzaileek “batez ere, emozioetatik landutako formazioa izatea balioan jarri dute”. Formakuntzaren oinarria hurbiltasuna izan da, eta jomuga taldera hurbiltzeko, hizkuntza zuzena eta eguneratua erabili dute.
Batik bat prebentzioari buruz berba egin, eta hiru helburu nagusi izan dituzte: nerabeen eta gazteen artean alkohola kontsumitzen hasteko adina atzeratzea, eta euren artean alkohola kontsumoa balego, kontsumo hori aurrerago ez joatea, eta arriskuen murrizketa.
Ikastaroa egin ahal izateko Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren diru laguntza izan zuten.