Imanol Goñi natxituarra, Euskal Herriko txapeldun
Aloñako Igoeran bi ordu eta bederatzi segundoko denbora egin zuen atzo, eta 2014.urtean ezarritako errekorretik bost segundora geratu zen. Hala, Aloñako gurutzeko errekorra gainditzea lortu zuen natxituarrak; 48 minutu eta segundo bat markatu zuen gurutzean, zegoen errekorra 24 segundotan hobetuta. Erritmo bizia ezarriz, hasieratik jarri zen lasterketa buru.
Nesketan, berriz, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra nagusitu zen, bi ordu, 28 minutu eta 11 segundoko markagaz.
Walter Becerra sestaoarrak eta Julen Larruzea larrabetzuarrak osatu zuten gizonezkoen podiuma. Becerra Goñirengandik 58 segundora helmugaratu zen, eta Larruzeak Goñik baino lau minutu eta 25 segundo gehiago behar izan zituen 22,6 kilometroko proba amaitzeko.
Nesken podiuma Andoaingo Vanessa Pelaezek eta Gasteizko Majida Maayouf korrikalariek osatu zuten. Irabazleak zazpi minutu eta 41 segundo atera zizkion bigarrenari. Maayoufek, ostera, Azkorbebeitiarengandik zortzi minutu eta 27 segundora amaitu zuen lehia.
Mendi lasterketetako korrikalarientzat urteko hitzordu berezienetako da Aloñako Igoera, eta arrolapetarrek ez zuten hutsik egin atzo.