Sant Jordi eta Liburuaren Eguna ospatuko dituzte
Sant Jordi eta Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dituzte Bermeon eta Ean, hurrenez hurren.Bermeon bizi diren katalanak eurentzat hain egun berezia den egunean elkartuko dira, Som-Hi elkarteak antolatutako ekitaldi ezberdinetan. Horrela, domekari ha...
Bermeon bizi diren katalanak eurentzat hain egun berezia den egunean elkartuko dira, Som-Hi elkarteak antolatutako ekitaldi ezberdinetan. Horrela, domekari hasiera emateko, Merce Rodoreda idazleari buruzko hitzaldi eta erakusketa eskainiko dute, Josep Maria Domenech Gibert-en eskutik, 12:30ean, Kabidxen. Ondoren, 13:30ean, Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren errezitaldia izango da.
Herri bazkaria ere egingo dute 15:00etan hasita, eta bertan, «ezustekoak» egongo direla aurreratu dute. Izena eman nahi izanez gero, somhi@riseup.net-era idatzi beharko da.
Ean, ipuin kontalaria
Ean ere ospatuko dute Liburuaren Nazioarteko Eguna. Udalak antolatuta, bihar, 17:00etan, liburuen bigarren eskuko azoka eta iradokizunen harrera izango dute, eta 18:00etan, Bertsol Haritza ipuin kontaketa (5 urtetik 11 urtera arteko haurrentzat) eskainiko dute. Ekintza horiek Eskolondon emango dituzte.
Ean, gainera, gaur ere badute hitzordua jarrita irakurzaletasunaz gozatu nahi dutenek; izan ere, Txarakie irakurle txokoaren beste saio bat egingo dute gaur bertan, 19:30ean hasita, Eskolondon. Oier Guillanen Zauri Bolodia liburuaz ariko dira; idazlea bera ere saioan egongo da.
Gernika-Lumon, beste alde batetik, atzo goizean berreskuratutako liburu eta diskoen azoka txiki solidarioa jarri zuten herritarren eskura, Merkurio aurrean. Azoka hori Kaleko elkartasun eta kultur elkarteak antolatutako ekimenaren baitan egin zuten.