'Martin Zalakain' ikuskizuna taularatuko dute bihar, Gernikako Jai Alai frontoian
Herriz herriko ibilbidea hasiko dute bihar, Gernika-Lumon, eta taldekideak «gogotsu» daude. Orain arteko saioetan «jendez gainezka» egon dira aretoak. 20:00etan hasiko da biharkoaPio Barojaren euskal literaturgintzaren klasikoan oinarritzen den Mar...
Herriz herriko ibilbidea hasiko dute bihar, Gernika-Lumon, eta taldekideak «gogotsu» daude. Orain arteko saioetan «jendez gainezka» egon dira aretoak. 20:00etan hasiko da biharkoa
Pio Barojaren euskal literaturgintzaren klasikoan oinarritzen den Martin Zalakain ikuskizuna taularatuko dute bihar, 20:00etan hasita, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Taldekideek jakitera eman dutenez, «gogotsu» daude biharko emanaldirako.Dramaturgia, antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizunak Euskal Herriko hiriburu ezberdinetan hasi zuen ibilbidea, eta orain, herrietara salto egin, eta horietan aurkezteko bidea hartuko du. Eibarren, Andoainen, Basaurin, Miarritzen eta Urretxun egongo dira, esaterako, baina lehen saioa Gernika-Lumon emango dute. «Guretzat plazer bat da Gernika bezalako herri batean hastea ibilbide hau», aitortu du Ander Lipus aktore eta taula zuzendari markina-xemeindarrak.
Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen lana, eta bai hori eta baita Donostiako Vitoria Eugenia eta Iruñeko eta Baionako eszenatokiak «jendez gainezka» izatea lortu zuten. «Oso ikuskizun handia» dela azaldu du Lipusek, eta jende askok parte hartzen duela bertan. Hori dela eta, ikuskizunak badituela bere zailtasunak azaldu du; «oso zaila izaten da hainbeste jende mugiaraztea»; horregatik, hilabetean edo bi hilabetean behin ematen dute.
«Argia taldeagaz lanean hasi nintzen momentutik nekien talde honekin Euskal Herriaren kulturaren adierazgarri litzatekeen zerbait egin behar genuela; izan ere, Euskal Herriko dantzaren munduan falta da dantzaren aspektu dramatiko bat», dio ikuskizunaren zuzendariak. Esan duenez, herri bakoitzak bere kulturaren erreferente unibertsala dauka, eta euskaldunok ere badugula uste du; «baina non demontre ote dago?».
Erreferente unibertsal hori aurkitu nahi du, «horretarako tresnak egon badaudelako». Horretarako, alderdi bi lotzea falta dela deritzo: «Sentsibilitatea, batetik, eta inteligentzia, bestetik».
Lipusek, bere aldetik aitortu du proiektuan parte hartzea «ikaragarri ederra» izan dela: «Juan Antonio Urbeltz nigana etorri zenean niretzat izugarrizko apustua izan zen; bere liburuak irakurrita nituen, era pertsonalean ere ezagutzen nuen bera…».
Eta parte hartze horretan, Urbeltzek zeukan ideia guztia antzerkira eramateko lan egin duten horien guztien lana azpimarratu nahi izan du: «Talde askok parte hartzen dute, eta elkar jolasten dute lan honetan, bai dantzak, bai jantziek, bai musikak, kantuak, antzerkiak eta istorioak berak».
Pieza horretan dantza da «mugarria, euskarria», Lipusek dioenez. Guztira, ia 80 bat dantzarik parte hartzen dute bihar taularatuko duten ikuskizunean. «Baina musika barik ere, ez litzateke dantzarik egongo». Horregatik, Mikel Urbeltzek eta haren taldeak egin duten lana «ezinbestekotzat» jo du.
Mikel Urbeltz ikuskizunaren musika sortzailea da, eta hark azaldu duenez, ikuskizun horregaz, musikak dantzarako behar duen bidea emateagaz batera, hari dramatiko bat izateak aukera eman die musika beste era batera lantzeko. «Musika egin dugu momentu jakin batzuei erantzuteko, soinu banda bat ere egin dugu, baina, kasu honetan, dantzariak ere kantuan jarri ditugu». Musika tradizionala erabili dute, baina dantzetarako moldatuta. Baina zenbait dantza garaikoak ere badira, «ez baita ahaztu XIX. mendean kokatzen dela».
Ikuskizunaren lan literarioa, aldiz, Harkaitz Cano idazleak egin du, eta horren lana ere azpimarratu du Lipusek; «azken finean, oso zaila da lan hori guztia laburbiltzea».