Gaztelugatxeko proiektuaren inguruko zalantzak argitu dituzte
Herritarrak Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arduradunekin bildu ziren, herenegun. Errespetuzko Turismo eredua sustatu nahi duteGaztelugatxeko proiektuak sortu dituen zalantzak argitu zituzten eguaztenean, Bermeon. Bertan, Idurre Bidegur...
Herritarrak Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arduradunekin bildu ziren, herenegun. Errespetuzko Turismo eredua sustatu nahi dute
Gaztelugatxeko proiektuak sortu dituen zalantzak argitu zituzten eguaztenean, Bermeon. Bertan, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Irune Ormaetxea Urigintza, Obra eta Ingurumen zinegotzia, Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatua eta Unai Gangoiti aldundiko Ingurumen zuzendaria egon ziren. Herritar asko egon zen bileran; aretoa gainezka egon zen.Batzarraren helburua aldundiak Gaztelugatxeko San Joanen inguruan aurkeztutako proposamenen berri ematea eta ideia orokorrak partekatzea zen. Gainera, herritarrek proiektuari buruz dauzkaten kezkak eta zalantzak adierazteko aukera eduki zuten.
Bidegurenek azaldu zuenez, Gaztelugatxek azken urteetan izan dituen bisitarien kopuruak gora egin du. Horrela, Gaztelugatxek daukan «erakargarritasuna» azpimarratu zuen; Bizkaian turistek gehien bisitatzen duten bigarren lekua da.
Urteko egun zehatz batzuetan, normalean baino bisitari kopuru handiagoa batzen da, arazo ugari sortuz. Udalaren «antolaketarako bitartekoak» mugatuak direnez, Gaztelugatxen alor ezberdinetan lanean ari diren elkarteetako eta erakundeetako arduradunak batzea eta denen artean koordinazio hobea lortzea bilatu nahi izan dute.
Unzuetak nabarmendu zuen proposamenen atzean «hainbat eragile» daudela, eta martxoaren 20an, 436 orriko proposamena aurkeztu zuten. Bildutako ideiak «irekiak» direla azpimarratu nahi izan zuen diputatuak, bertan azaldutako edozein punturi buruz eztabaidatu eta ekarpenak egitea posiblea dela esanez. Ekarpenak gehitzeko edota eztabaidatzeko epea ekainaren 1era arte jarri dute.
Ingurumena izan zen batzarreko gai nagusietako bat. Errespetuzko Turismo eredua sustatu nahi dute, ingurumenarekiko jasangarria dena. Aldundia «konprometituta» dagoela adierazi zuen Unzuetak.
Ingurumenagaz batera, garapen ekonomikoa bilatuko dute; horren harira, bermeotarrek hori lortzeko «aukera aparta» daukatela esan zuen diputatuak. Bizkaiko kostaldeko udalerriei proiektu bakarra eskaini nahi diete, Gaztelugatxe «bizkaitar guztien ikonoa» dela adierazita.
Aurkeztutako proposamenak hiru maila edo gune geografikoren arabera banatzea erabaki dute: Gaztelugatxe eta ingurua, Bermeo-Bakio eta Bizkaia eta Bizkaiko kostaldea.
Batzarrean behin eta berriz azpimarratu zen «Bermeoko nortasuna mantendu» egin nahi dela. Hain zuzen, proiektuak ez ditu bakarrik turistentzako eta bisitarientzako hobekuntza eta proposamenak biltzen; hartuko diren erabakiak bermeotarrentzat ere onuragarriak izango direla argi utzi zuten.
Zerbitzuengatik kobratu
Udala eta aldundia argi azaldu dira Gaztelugatxera joateagatik kobratzeko asmoari buruz: «Gaztelugatxera sartzearren ezin da kobratu». Hala ere, eskainitako zerbitzu zehatz batzuengatik kobratzea aztertuko dute, esate baterako, «autobus zerbitzuagatik, bisita gidatuengatik edota bestelako zerbitzu pribatuengatik».
Udalaren eta aldundiaren arduradunek hitz egin ondoren, herritarrek beraien kezkak azaldu zituzten. Asko izan ziren proposamenak partekatu zituztenak. Batez ere, bermeotarrek proiektuan parte hartzeko aukera ematea eskatu zuten, denak jesarri eta horren inguruan adostasun batera iristea lortzeko.