Errigoraren komunitatea «sendotu» egin da udaberriko kanpainan
93.000 litro olio eta 207.000 kontserba ontzi eskatu dituzte. Iazko datuak hobetu egin direla esan dute. Sarea ere handitu egin dela diote; 70 herrik osatzen duteErrigorak aurten egin duen udaberriko kanpainaren emaitzak jakitera eman ditu. Eta izandak...
93.000 litro olio eta 207.000 kontserba ontzi eskatu dituzte. Iazko datuak hobetu egin direla esan dute. Sarea ere handitu egin dela diote; 70 herrik osatzen dute
Errigorak aurten egin duen udaberriko kanpainaren emaitzak jakitera eman ditu. Eta izandako datuei erreparatuta, aurten komunitatea «sendotu» egin dela esan dute.Lortutako datuak «poztekoak» direla iritzi diote: ia 93.000 litro oliba olio birjina estra eta 207.000 kontserba ontzi banatuko dituzte. Iaz, 86.500 litro olio eta 208.000 kontserba ontzi banatu zituzten.
Errigora iaz hasi zen produktu ekologikoak eskaintzen. «Inoiz baino eskaintza zabalagoa plazaratu genuen iazko udaberriko kanpainan, eta erantzuna ere tamainakoa izan zen». Bide horretatik, aurten iazkoari eutsi nahi izan diogu, eta emaitzak onak izan dira». Aurtengo eskaera guztien %35 produktu ekologikoena izan da, eta %65, konbentzionalena.
Datuen interpretazioa
«Komunitatea egonkortu ez ezik, lagun berriak batzea ere lortu dugu. Hala, aurten, iazko udaberriko kanpainan baino eskaera gehiago egon dira». Errigorako kideen arabera, Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osoko 6.500 etxebizitzetara ailegatuko dira, iaz baino 500 etxebizitza gehiagotara. «Askotariko sukaldeek osatzen dugu Errigoraren komunitatea, eta, kanpaina honen ostean, oraindik gehiago gara».
Datuak ulertze aldera, banatuko dituzten 93.000 litro olio ekoizteko 38.630 olibondo beharko direla diote. Kontserbei dagokienez, 25 hektarea baino gehiagok ematen dutena beharko da 207.000 ontziak betetzeko. «Bestela esanda, 36 futbol zelairen azaleraren uzta behar du aurtengo kontserba eskaerak».
Eskari kopurua gehitzeaz gain, kontsumo ohiturak ere aldatzen doazela diote. «Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina kontsumo ohituretan eragiteko asmoz jaio zen. Eta bistan da planteamenduak eragina eduki duela; ohitura sortu da kanpainaren inguruan, eta milaka sukaldetan erreferentziazko produktu bilakatu dira Nafarroa hegoaldeko ekoizpenak».
Datu horiek guztiak ez direla zoriaren emaitza diote, herrilanarena baizik. «Guzti hau posible da kanpaina honetan buru-belarri lanean ibiltzen garen ehunka auzolangileei esker». Horrekin lotuta, Errigoraren sarea ere handitzen doala azpimarratu dute. «Dagoeneko 70 herritara heldu da sarea».
Banaketa
Herritarrek oliba olio birjina estra eta kontserba sortak batera eskatu badituzte ere, banaketa epe desberdinetan ari dira egiten. Azaldu dutenez, gaur amaitu dute oliba olio birjina estraren banaketa; kontserba sorten banaketari dagokionez, bestalde, maiatzaren 31tik ekainaren 12ra bitartean egingo dute.