Ajangizko VI. Esku Pilota Txapelketa hasiko da etzi
Afizionatu mailako zortzi pilotarik lehiatuko dute. Arkupeko eta Lea Ibarra Motrolloko kideen partiduak egongo dira. Maiatzaren 6an jokatuko dituzte finalakLehen mailako afizionatuen txapelketan lekua egitea lortu du Ajangizko Eskupilota Txapelketak, e...
Afizionatu mailako zortzi pilotarik lehiatuko dute. Arkupeko eta Lea Ibarra Motrolloko kideen partiduak egongo dira. Maiatzaren 6an jokatuko dituzte finalak
Lehen mailako afizionatuen txapelketan lekua egitea lortu du Ajangizko Eskupilota Txapelketak, eta oraingo honetan ere, afizionatuetako lau bikote lehiatuko dira txapelaren bila.Zubizarreta-Uriondo eta Espinal-Sarasa bikoteen artekoa izango da domeka honetako partidua (lehen final aurrekoa). Datorren asteko domekan, ostera, Etxebarriak eta Garmendiak Alberdi eta Aizpururen kontra lehiatuko dute bigarren final aurrekoa, eta maiatzaren 6an jokatuko dira finalak.
Txapelketako hiru domeketan, inguruko eskupilota eskoletako umeen partiduak jokatuko dituzte lehenengo.
11:00etan hasiko dira umetxo mailako partiduak; ondoren, alebinen txanda izango da, eta afizionatuen lehia hasi aurretik, txikien kategoriakoen partiduak egongo dira.
Hain zuzen ere, txapelketaren helburuetako bat Arkupe eta Lea Ibarra Motrollo eskoletako umeek elkar ezagutu, eta eurentzat aberasgarriak diren esperientziak partekatzea dela zehaztu dute Gantzabale Elkarteko ordezkariek. «Eskola horietako kideentzat elkargune bat sortu gura dugu. Horregaz batera, eliteko pilotari afizonatuei aukera ematea da helburua; pilotari moduan bidea egiten lagunduz, etorkizunean pilotari profesional izateko».
Horren adibide dira aurreko urteetan txapelketa horretatik pasatu diren pilotari profesionalak. Besteren artean, Irusta, Imaz, Elordi, Erostarbe, Erasun, Errandonea eta Martinez pilotariek lehiatu dute Ajangizko txapelketa.
Balioak bultzatzen
Era berean, herriko elkarteko kideen berbetan, Ajangiz «ezagutara emateko» baliatu gura dute txapelketa. «Gure nortasunaren ezaugarri nagusietako bat da pilota, eta beragaz lotutako balio guztiak bultzatzen ditu gure udalerriak».
Seigarren urtez txapelketa antolatzeko eduki duten babesa eskertuz, Ajangizko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta babesle diren inguruko enpresa eta komertzio txikien laguntza azpimarratu dute.