Gernika-Lumoko taldea bi puntugatik nagusitu zitzaion UE Santboianari, atzo eguerdian.
36-34 amaitu zen partidua, eta denboraldiko azken aurreko jardunaldiaren emaitzen ostean, basurdeek
bi postu gora egin dute Heineken Ligaren sailkapenean. Zortzigarren daude, 44 puntugaz.
Asteburu honetan Ampo
Ordizia REren kontra jokatuta agurtuko dute 2017-2018 denboraldia.
Emaitzak erakusten duen legez, norgehiagoka “borrokatua” izan zen atzo eguerdikoa. Gernika RTtik Joaquin Palisa izan zen partiduko protagonista. Izan ere, etxeko taldeak lortutako sei entseguetatik berak lau egin zituen.
Argazkia: Anuar Gomez.
Joko aldetik berdintsu hasi ziren bi taldeak, baina, talde katalanak arrisku gehiago sortu zuen hasierako minutuetan. Hala ere, basurdeengandik heldu zen
partiduko lehen entsegua. Federico Llanosek eta Palisak ondo elkar hartu zuten. Iker Olaetak ez zuen argentinarraren marka transformatu (5-0).
Lehen entseguaren ostean, etxeko taldeak partiduaren kontrola hartu zuen, eta bi minutu beranduago, taldearen bigarrena egin zuten. Santiago Viañak lortu zuen bigarren marka; Olaetak ez zuen transformatu.
10-0ko emaitzagaz, katalanek erantzun beharra zeukaten, eta entsegua eginez, markagailuko aldea murriztu zuten: 10-7. Baina, bisitarien pozak ez zien asko iraun. Izan ere, euren marka lortu eta minutu gutxira, basurdeek euren hirugarrena egin zuten. Olaetak transformatuta,
hamar puntuko aldeagaz jarri ziren berriro ere: 17-7.
Etxeko taldeak erasoko jokaldiekin jarraitu zuen, eta horrela iritsi zen euren laugarren marka. Ibai Amillategi, Viaña eta Palisa basurdeen elkarlanari esker lortu zuten, eta Olaetak transformatu zuen.
Markagailuko hamazazpi puntuko aldeak (24-7) min handia egin zion Santboinari, eta lehen zatia amaitu aurretik, aldea murrizteko ahaleginetan aritu ziren jokalari katanalak. Horrela, aldageletara joan baino minutu gutxi batzuk arinago, bigarren entsegua egitea lortu zuten.
24-14ko emaitzagaz ekin zioten bigarren zatiari. Etxeko jokalariak indartsu eta gogotsu zelairatu ziren, lehen zatian egindako lan bikaina errepikatzeko asmoagaz. Hala ere, bigarren zatiko lehen marka talde katalanak egin zuen; bigarren zatia hasi eta minutu gutxiren buruan, bi entsegu egin zituen. Ondorioz, bi puntuko aldeagaz jarri ziren (24-22). Minutu latzak izan ziren etxekoentzat, baina, Viañaren jokaldi batean, hark Facundo Epinali baloia pasatu eta balio handia zeukan entsegua egin zuen.
Ondorengo minutuetan parekotasun handia egon zen bi taldeen jokoan. Gauzak horrela, etxekoei arnasa apur bat hartzeko balio izan zien entsegua egin zuen Palisak. Baina, bisitariek beste entsegu batekin erantzun zieten, 70. minutuan.
36-29ko markagailuagaz ailegatu ziren azken minutuetara. Santboianak beste entsegu bat egin, eta berdinketa eskuratzeko aukera izan zuten. Baina, etxeko jokalari zein zaleen zorionerako, Nil jokalari katanalak ez zuen transformatu.