Espainiako Senatuko Justizia Batzordeak Gernikako Batzarretxea bisitatu du
Legean dagoen Kontzertu Ekonomikoari eta Kupoari buruzko mintegiak egin dituzte. Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egin die harrera senatarieiAna Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak harrera egin zien atzo Espainiako Senatuko J...
Legean dagoen Kontzertu Ekonomikoari eta Kupoari buruzko mintegiak egin dituzte. Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egin die harrera senatariei
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak harrera egin zien atzo Espainiako Senatuko Justizia Batzordeko senatariei Gernika-Lumoko Batzarretxean. Manuel Guillermo Altava Lavall Senatuko Justizia Batzordeko presidentea buru zela sartu ziren Batzarretxean, eta Otaduik bisita gidatua egin zien Foru egoitzako barrunbe nagusiak erakutsiz.Justizia Batzordeko hamazazpi senatari etorri ziren Gernika-Lumora; Miren Gorrotxategi eta Jon Iñarritu izan ziren euskal senatariak. Horiez gain, Senatuko Justizia Batzordeko letraduna eta Gai Aldeaniztunen Arloko administratzailea egon ziren.
Batzarretxea «Euskadiko historian leku garrantzitsua» izan dela azpimarratu zien Otaduik senatariei goizeko ekitaldian, eta «mundu osotik etorritako bisita instituzional» asko jaso dituela gehitu zuen. Lurraldeko «foru erregimena eusten duen lekuaren» oinarriak ezagutzera emateko, Batzarretxeari, Gernikako Arbolari eta arbasoari buruzko azalpenak ere eman zizkien.
Bisita gidatuaren hasieran, gainera, Gernika-Lumori eta Batzarretxeari buruzko bideoa ikusi zuten bisitariek, eta Otaduiren azalpenak entzun eta gero, Batzarretxeko liburutegira joan ziren mintegiagaz hastera.
Bertan, senatariek eskubide historikoei eta Kontzertu Ekonomikoari buruzko mintegian parte hartu zuten. Ana Otadui izan zen mintegia hasi zuena, eta Bilboko eta eskualdeko leku esanguratsuei buruzko azalpenak eman ondoren, «Franco jeneralaren aginduetara aritu ziren Condor Legioak eta Italiako Abiazioko Legionarioak» Gernika bonbardatu zuten eguna gogorarazi zuen: «Bonbardaketaren ezbeharra igaro ostean, Gernika-Lumoko herriak bakearen eta elkarlanaren sinbolo izan nahi du».
Biktimez, bonbardaketaz eta «osteko gezur bonbardaketaz» ere aritu zen presidentea: «Zortzi hamarkada igaro direnean, egia, aitorpena eta justizia beharrezkoak dira; berriro inoiz errepikatu behar ez denaren adibide izateko».
Gainera, bere harrera hitzaldian, Kontzertu Ekonomikoa «akordioan eta aldebikotasunean oinarritutako finantza arloko tresna» dela gaineratu zuen Otaduik. Horren harira, Batzar Nagusien «beharraz» aritu zen presidentea, eta «iragan demokratikoagaz harro» dagoela aitortu, eta autogobernuan oinarritutako etorkizunean eragiteko prest dagoela gaineratu zuen.
Bertan zeuden erkidegoetako ordezkariek «euskaldunen berezitasuna eta Espainako Konstituzioak onartzen dituen eskubide historikoak» ulertzea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen Otaduik.
Presidentearen atzetik Gregorio Monreal Gipuzkoako senatari izandakoa aritu zen, eta eskubide historikoei buruzko ikuspegi juridiko instituzionala eman zuen. Ondoren, Maite Ibañez historialariak eta Begoña Atin kazetariak zuzendutako Por derecho propio dokumentala ikusi zuten senatariek.
Hitzaldiak
Jardunaldiak eguerdian jarraitu zuen, Susana Serrano EHUko Finantza eta Tributu Zuzenbide irakaslearen hitzaldiagaz. Ondoren, Iñaki Alonso Arce Bizkaiko Foru Ogasuneko zuzendariordea Kontzertu Ekonomikoaz eta zergez aritu zen. Azkenik, mintegiari bukaera emateko, Itziar Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuordeak Kontzertu Ekonomikoaren arlo finantzarioa jorratu zuen.
Itziar Agirrek azaldu modura, bere asmoa «etorritako Espainiako senatariei ikuspuntu tekniko batetik eta legean oinarrituta kupoaren kalkuluari buruzko argibideak ematea izan da»; kupoa eta haren xehetasunak «ezagutarazi» zizkien senatariei.
Kontzertu Ekonomikoaren kupoari dagokionez, kupoa kalkulatzeko «sistema arduratsua» erabiltzen dela uste du: «Sistema arduratsua da gurea, egoera oker baten aurrean Espainiako Estatuaren laguntza jasotzeko aukerarik ez dugulako. Nire ustean, sistema arduratsua izatea finantza sistemarako ona da, sistema horrek diru publikoa ondo kudeatzea bultzatzen du eta».