Bertsoz bertso, mundura zabalik
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko ehunka eskola umek bertso eskolak jasotzen dituzte; bertsorako ezeze, bizitzarako ere balio die ikasitakoak, bat-batekotasunari hain balio handia ematen zaion garaiotan.Errima, neurri eta doinuekin jostari dihardu...
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko ehunka eskola umek bertso eskolak jasotzen dituzte; bertsorako ezeze, bizitzarako ere balio die ikasitakoak, bat-batekotasunari hain balio handia ematen zaion garaiotan.
Errima, neurri eta doinuekin jostari dihardute eskola umeek astean ordubete. Bertsoak josiz, mundura leiho bat zabaltzen, ia oharkabe. Bertsozale elkarteek hezkuntza arautuan ematen dituzten bertso eskoletan, su geldoan, bihar-etzi plazetan ariko diren bertsolariak prestatzen ari dira.Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udaberriko fasea hasiko da bihar. Hurrengo saioetan ikusiko den lana ez da egun batetik bestera gauzatzen den kontua. Gazte hasten dira bertsolariak hitzekin eta errimekin jolasean bertsozale elkarteetako irakasleekin. LH5 eta LH6ko ikasleekin aritzen dira bertso irakasleak; kasu batzuetan, LH4koekin ere bai; adin horretarako sormenerako gaitasuna daukatelako. «Horrek ez du esan nahi etorkizunean adin tarte hori zabalduko ez denik, ze bertsoetako gaitasuna, beharbada, LH5 eta LH6 mailetan hasten da, baina hizkuntzaz jolasteko ahalmena 4 edo 5 urterekin hasten da», adierazi du Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko komunikazio arduradunak.
Indartuz eta indartuz
Urte ugari dira bertsogintza eskoletan ematen dena. Ikastolen elkarteak ekin zion orain urte asko, eta bertsozale elkarteak dira azken urteetan ardura hartuta daukatenak. Lea-Artibain, Ispasterren ez, gainontzeko herri guztietan dihardute, eta datorren urtean proiektua Ispasterrera ere zabaltzeko asmoarekin. Mutrikun, eskola bietan ematen dute, eta Busturialdean, Bermeo, Gernika-Lumo, Artea, Busturia eta Muxikako eskoletan. Horrenbestez, ehunka dira bertsogintzarekin lehen kontaktua egiten duten eskola umeak.
Mundu bat bertso proiektua orain urte bi sortu zuten, lehendik martxan zegoen Gu ere bertsotan egitasmoari lekukoa hartuta, eta bertsogintzarako oinarriez jabetzeko unitate didaktikoez hornituta. Euskal Herriko irakasleen artean sortzen dute materiala, eta irakasle bakoitzaren esku dago erakargarri egitea, jolasen bidez, taldean lan eginda eta jende aurrean abesteko motibazio tekniken bidez.
Batean kale, bestean bale
Jone Antsotegi aulestiarra da Lea-Artibaiko eskoletako irakaslea. «Igartzen da herri txikietan handietan baino bertsorako ohitura handiagoa dagoela. Beste alde batetik, beste eskualde batzuekin alderatuta, Lea-Artibain hizkuntza menperatzen duten arren, bertsolaritzari ez zaio ematen euskara horrenbeste errotuta ez dagoen eskualdeetan ematen zaion garrantzirik», adierazi du.
Ander Elortegi da Busturialdeko eskoletako arduraduna, eta, horrenbestez, azken urteotako garapenaren lekuko ere bada gernikarra. «Bermeon, lehendik bertso eskolarik ez egotean, gaitzago izan da indartzea. Gernika-Lumon, ostera, eboluzioa itzela izan da, ze umeek ikusten dute zubia bermatuta daukatela, hau da, ikastetxetik irten eta badaukatela bertso eskola bat; herri mailan nora joan», adierazi du.
Bizitzarako irakaspena
Bertso eskoletan diharduten hamarnaka irakasleek bihar-etziko bertsogintzaren haziak ereiten dituzte. Dena dela, ekarpena ez da horretara mugatzen. Eskoletako ikasleek bizitzarako ikasbidea ere jasotzen dute. «Bat-batean sortzeko gaitasunak egunerokotasunerako behar dituzun erramintak ematen dizkizu. Eta bat-batekotasunean bizi gara. Balio handia ematen zaio. Era berean, bertsogintza geure-geurea da», esan du Ibaibarriagak.