PPk Gernikako bonbardaketa aztertzeko ekimena baztertu du
Gernikako bonbardaketaren dimentsio historikoa aztertzera bideratutako mozioa baztertu du gaur Alderdi Popularrak. Mozioaren helburua Gernika-Lumoko bonbardaketa aztertzeko historialariak eta adituak batzordean batzea, eta bonbardaketaren 81. urteurrenari begira nazioarteko kongresua bultzatzea zen.
Cristina Ayala Alderdi Popularreko bozeramaileak ekimena baztertu dutela adierazi du gaur goizean. Alderdi Popularrak hartutako erabakiagatik, eta Ayalak erabilitako «tonu eta formagatik» minduta sentitu da Jokin Bildarratz EAJ-PNVko bozeramailea.
Goi Ganberako bozeramaile jeltzaleak ekimenak “populazio zibilaren aurkako bonbardaketen ikerketa” jasotzen zuela gogoratu dio Cristina Ayalari: «mozioa irekia zen, eta ez zuen bonbardaketa bakar bat ere kanpoan uzten». Gainera, Bildarratzek Ayalak mozioari egotzi dion joera ideologikoa «ez zuela» nabarmendu du Goi Ganberan.
Alderdi Popularra «duin agertu» dela mozioaren aurrean, eta «ñabardurak bilatu» dituela salatu du Bildarratzek. Gainera, beraien erabakiaren «arrazoiak» azaltzeko eskatu die Alderdi Popularreko kideei: «Ikerketa prozesu baten bidean eta biktimen aitorpenean oinarrizkoa da jokabide positiboa izatea. Konbentzioetan, nazioarteko zuzenbidean edota Nazio Batuetan sinistuz gero, guztiok asebeteko dituen memoria anitz eta zabalaren alde egin behar dugu lan».
Mozioaren arrazoiak. 81 urte igaro ondoren, Gernika-Lumoko bonbardaketan zenbat hildako izan ziren ere ez dela argitu gogorarazi du Bildarratzek, eta ondorioz, «soilik hori jakitea kongresua burutzeko arrazoia» dela arrazoitu du.
Proposatutako mozioak gainera, bonbardaketa ikertzen diharduten talde eta erakundeak batuko lituzke, baita kongresua Gernika-Lumon urtebetean burutzeko asmoa. Baina, eskaerok, mozio guztia legez, bertan behera utzi ditu Alderdi Popularrak. Gainontzeko talde guztiek aldiz, mozioa onartu dute.