Bermeok bisitari "kopuru handia" eduki du Aste Santuan
Bermeoko Turismo Bulegoak eskainitako datuen arabera, herriak Aste Santuan bisitari kopuru handia izan du. Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo zinegotziak esan duenez, 1.095 pertsona pasa dira Turismo Bulegotik martxoaren 29tik apirilaren 2ra bitartean. Halaber, Gaztelugatxeko San Juaneko baselizan ezarritako informazio puntuan 4.136 pertsonek jaso zuten informazioa.
Hortaz, guztira, Bermeoko Udalak jarritako informazio puntuetatik 6.416 pertsona pasa dira. Eta hori “oso datu positiboa” dela adierazi du Ormaetxeak; “kontuan hartuta bisitariak askoz gehiago izan direla, izan ere bisitari guztiak ez dira informazio puntuetatik pasatzen”. Madril eta Kataluniatik etorri dira bisitari gehienak, baina Japon, Filipinak, Hego Korea edota Indiako turistak ere izan dira Bermeon.
Ostatuei dagokienez, ia %100eko betetze-maila izan dute. Jatetxe eta tabernak ere jendez gainezka egon dira. Turismo aktiboaren kasuan, itsas irtenaldiak “arrakastatsuak” izan dira; Gaztelugatxe ikusteko aukerak, esaterako, harrera ona izan du. Bisitariek Alde Zaharreko dendetan Barrueta Arte Elkarteko koadroak ikusgai izan dituzte, gainera.
Gaztelugatxeko San Juanera iristeko Bizkaibusek jarritako autobus zerbitzuaren arrakasta ere azpimarratu du zinegotziak: “Bermeoko Udala oso pozik dago Bizkaibusek zerbitzu hori eskaini duelako”. Zerbitzua “ezinbestekoa” dela uste du Ormaetxeak, “Bermeoko Udalaren apustua baita Gaztelugatxe bisitatzeko Bermeon ibilgailua uztea eta garraio publikoa erabiltzea“.
Horregaz guztiagaz, Bermeoren “arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismo jasangarriaren aldeko apustua” berretsi nahi izan du zinegotziak. Era berean, Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak gainerako erakundeekin lantzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute.