Bermeoko Alde Zaharreko dendak artelanez bete dituzte
Bigarren urtez jarraian, museo bilakatu da Bermeoko Alde Zaharra. 60 dendatako erakusleihoak artez bete dituzte. Artea gustuko dutenek, hortaz, ibilbide polita egin ahalko dute.Bermeoko Udalak, Berton Bermeoko txiki-erdi enpresen elkarteak eta Barruet...
Bermeoko Udalak, Berton Bermeoko txiki-erdi enpresen elkarteak eta Barrueta Arte Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimenaren bidez, artea eta merkataritza uztartu gura dituzte, bi horiek sustatzeko batetik, eta Alde Zaharra indartzeko, bestetik.
Apirilaren 22ra arte
Iaz egin zuten ekimena lehenengoz, eta harrera ona eduki zuela ikusita, aurten ere ekimen bera antolatzea erabaki dute. Hala, apirilaren 22ra bitartean, Alde Zaharreko dendetan, Bermeoko hainbat artistaren lanak daude ikusgai; estilo eta tamaina ezberdinetako lanak dira ikus daitezkeenak, gainera.
Denda gehien-gehienak Alde Zaharrean badaude ere, inguruko dendaren batean ere aurkitu ahal dira Bermeoko artistek egindako margolanak. Lan horietako batzuk, gainera, salgai daudela jakitera eman dute Barrueta Arte Elkarteko kideek.
«Herritarrek Alde Zaharreko dendetan erosketak egiten dituzten bitartean, herriko artisten artelanak ezagutzeko aukera edukiko dute, bai eta arteaz gozatzekoa ere», azaldu du Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak.
Bermeoko udaleko arduradunek ekimen «polita» dela uste dute.