Kirolzale eta langile nekaezina
Martxoaren 25ean, Felix Pertika Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteko sortzailea zendu zen, 63 urte zituela. Pertikaren izena Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteari estu-estu lotuta egon da, sorrera-sorreratik eta 40 urtez.Txirrindularitza zaleta...
Txirrindularitza zaletasunak bultzaturik, 1977an elkartea sortu zuen, herrian kirol arloan pilota, zesta eta mendigoizale taldeak baino ez zeuden garaian, eta Espainiako Mendi Txapelketa antolatu ostean. 1978tik 1980. urtera bitartean, 10etik 14 urtera arteko gaztetxoentzako lasterketak antolatzen hasi ziren. Pixkanaka, taldea handitzen hasi zen, eta 1981ean kadete mailako taldea sortu zuten. Ordutik aurrera, lau hamarkadetan, kadeteak, gazteak eta afizionatuak eduki dituzte.
Sasoi batean 60 txirrindularitik gora eduki zituzten afizionatuetan, gazteetan eta eskoletako mailetan. 1983 eta 1984an, Lea-Artibai mailan Lekeitioko eta Ondarroako taldeekin elkartu ziren mailetako taldeak osatu eta taldeak indartzeko. 2015ean, Pertikak eskualdeko txirrindulariekin osatutako kadeteen ardura hartu zuen. Elkartearen ibilbidea inork baino hobeto ezagutzen zuen, eta pena ematen zion umeek herriko taldean jarraitu ezin izateak. Pertikak esaten zuen hasierako urteetatik azkenetara alde handia ikusten zuela, eta gaur egungo kadeteei lehen ez besteko prestakuntza exijitzen zaiela.
Markina-Xemeingo txirrindulari taldeak junior mailako lasterketa entzutetsuak antolatu zituen, eta horri esker maila handiko lasterketak ikusi ahal izan dira Markina-Xemeingo zelaian, besteak beste, Gorosperen eta Etxaberen artekoa. Horrez gain, Pertika Sabin Foruria Memoriala antolatzen ibili zen buru-belarri.
Gustuko txirrindulariak zeintzuk zituen galdetuta, Jesus Loroño, Patxi Gabika, Julian Gorospe eta Amets Txurruka aipatzen zituen. Etxebarritarragaz urte asko pasatu zituen; umetatik taldean izan zuen, eta harekin lasterketa asko irabazi zituztela nabarmentzen zuen. Gustuko lasterketen gainean galdetuta, Bizkaiko politena Orduñakoa zela zioen, eta lehengo lasterketak gogorrak izan arren, azkenengo urteetan esprintei gustua hartu ziela. Beste alde batetik, txirrindularitzagaz batera beste zaletasun batzuk ere bazituen: futbola, mendia eta perretxikotara joatea.
2017an, Markina-Xemeingo txirrindulari taldeak 40 urte bete zituela eta, ia maila guztietako lasterketak antolatu zituzten: profesionalena izan ezik, beste maila guztietakoak. Ordurako makal zebilen Pertika, baina lanean jarraitu zuen, bere izaerari jarraituz. Izan ere, 40 urtean, txirrindulari taldeari bultzada emateko gai izan zen, eta taldean bakarrik geratu zen garaiak ere pasatu zituen, belauanaldi berriekin batera indar berria eman zioten arte.
Txirrindulari taldean beragaz ibilbidea egin dutenek nabarmentzen dutenez, Pertika kirolzalea eta behargina zen. «Buru argia eta buru gogorra zen. Ingurukook asko daukagu eskertzeko», gogoratu du Markina-Xemeingo txirrindulari taldeko Eneko Arratek, Pertikaren ekarpena nabarmentzean.