Gutxienez 1.000 lagun saretu nahi ditu Mutrikuko Gure Esku Dago-k
Kanpaina zapatuan hasi zen, eta barikuan emango diote jarraipena. Saretzeak ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko konpromisoa dakarrela gogorazi duteMutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikako kideek hurrengo asteetara begira egingo diren ekintzak a...
Kanpaina zapatuan hasi zen, eta barikuan emango diote jarraipena. Saretzeak ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko konpromisoa dakarrela gogorazi dute
Mutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikako kideek hurrengo asteetara begira egingo diren ekintzak aurkeztu dituzte.Ekainaren 10ean, esaterako, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba batuko dituen giza katea egingo da, eta Deba inguruan bi kilometro betetzeko asmoa agertu dute mutrikuarrek. «Lehengo Danobat ingurutik hasi, eta Debako futbol zelaia igaro ondorengo errepide erdiraino doan tartean betetzeko 1.000 bat lagun beharko dira. Zuen laguntza izango dugulakoan gaude. Izan ere, 1.000 lagun batzea Mutrikun ez da erraza».
Giza katean parte hartu nahi dutenak, hain zuzen, saretu egin beharko direla azpimarratu dute. Saretzeak 5 euroko kostua izango du, eta herritar bakoitzak giza katean lepoan soinean janzteko zapi bat jasoko du ordainetan. Saretzeak, ordea, giza katean parte hartzeko konpromisoa dakarrela gogorarazi dute.
Kanpaina, hain zuzen, zapatuko aurkezpen ekitaldiaren bukaeran hasi zuten. Hurrengo egunotara begira ere egongo da saretzeko aukera. Barikuan, esate baterako, Beheko Plazan egongo dira atxikipenak jasotzen, 18:30etik 21:00etara. Eta apirilaren erditik aurrera ere arratsaldero mahaia ipiniko dute Beheko Plazan.
Zehaztu gabe
Giza kateaz gain, Klik Eguna ere egiteko asmoa agertu dute mutrikuarrek. Eta eguna noiz izango den zehaztu ez baldin badute ere (maiatzaren 12an edo 19an izango da), egun hori herri ituna adosteko eguna izango dela azaldu dute. Bien bitartean, herritarrak bakoitzaren arrazoi ezberdinak pentsatzen eta batzen hasteko animatu dituzte. «Gure Esku Dago-ren web orrialdean zuen arrazoiak sartzeko aukera izango duzue. Oraingoz, 400 arrazoi inguru daude jasota. Beraz, nahi baduzue, hor daukazue aukera».