Euskara sustatzeko Plan Estrategikoa eratzeko batzarra deitu dute eguenerako
Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) eratzeko batzar irekia egingo du eguenean Gernika-Lumoko Euskara Batzordeak. Batzarra eguenean 18:30ean izango da Bakearen Museoaren ondoan dagoen Maria Agirre aretoan.
Batzarraren helburua 2019. urtetik eta 2023. urtera arteko euskara sustatzeko Plan Estrategikoa eratzea da. 2014. urtean lau urtetarako onartu zuten Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, eta eguenean, hurrengo epealdian gauzatu nahi den Plan Estrategikoa erabakiko da.
ESEPa aurrera ateratzeko, hiru puntu aztertuko dituzte batzarrean. Lehendabizi, 2019-2023 eperako Plan Estrategikoa eratzeko Euskara Batzordearen proposamena aurkeztu eta onartuko da. Proposamenak onartu ondoren, partaide bakoitzak hautatutakoaren arabera, lan mahaiak finkatuko dira eta proposamenak osatzea izango da bigarren puntuaren helburua. Azkenik, batzarrarekin amaitzeko, Gernika-Lumoko herrian euskararen egoerari buruzko hausnarketa egingo da. Bertan, faktoreen taula egingo da, pozteko eta kexkatzeko arrazoiak biltzen dituena.