Eguraldiak baldintzatuta hasi da Bermeoko Liburu eta Disko Azoka
Barikuan ireki zituen ateak Bermeoko Liburu eta Disko Azokak, eta martxoaren 25era bitartean Lameran bisitatu ahal izango da. Eguraldiak baldintzatuta hasi da aurtengo azoka, baina, hala ere, orain arteko salmentak «polito» joan direla esan du Asier ...
Barikua eta zapatua «oso ondo» joan zirela esan du Muniategik, domeka, aldiz, «lasaiagoa» izan zen; «euri gehiago egin zuen, eta jendea gutxiago mugitzen da».
Bermeokoa beti azoka «oso ona» izan dela nabarmendu du Muniategik: «Herritar nahikotsu mugitzen dira, eta erostera ere hurbiltzen dira. Normalean, erantzun ona edukitzen du Bermeokoak». Hortaz, eguraldi txarragaz ere, «itxaropentsu» daudela dio, nahiz eta egia den «eguraldi onagaz jende gehiago» egoten dela.
Bermeoko Liburu eta Disko Azoka «errotuta» dagoen azoka dela esan du Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak; jendeak, orduan, «urtero-urtero joateko ohitura dauka».
Salduenak
Salduenen artean, orain arte, Toti Martinez de Lezea, Kirmen Uribe, Jon Arretxe eta Dolores Redondoren lanak daude, bai eta haur eta gazteen literatura lanak ere.
Sukaldaritzagaz lotutako liburuak ere asko saldu direla esan du Muniategik; Bermeon, gainera, itsasoagaz lotutakoek ere ez dutela hutsik egiten nabarmendu du.
Oraindik azoka bisitatu ez duenak aukera dauka domekara arte; 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era zabaltzen dute.