Busturialdeko pentsionistak pentsio duinen alde egiteko batu dira gaur Gernika-Lumon eta Bermeon, astelehenero legez. Pentsionistak batzen diren bosgarren astelehena da gaurkoa; inoizko jendetsuena eskualdeko bi herrietan. Eskatzen dutena lortu arte, beraien aldarria defendatzen jarraituko dute pentsionistek astelehenero.
Pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak egin dituzte pentsionistek, pentsioen %0,25eko igoeragaz apurtzeko eskatuz. Galdutako erosteko ahalmena berreskuratu nahi dute pentsiodun eta jubilatuek; gutxieneko pentsioa 1.080 eurotara igotzea eskatzen dute, baita Zerbitzu Sozialak berrindartzea.
2011. urtetik gaur arte pentsionisten erosteko ahalmena %6,5ekoa izan dela salatzen dute pentsionistek. Izan ere, pentsio apalenak osatzeko ezartzen diren DBEko diru laguntzen jaitsiera %13,5ekoa izan da: “Etorkizunari begira eta 2022ra arte Rajoyren gobernuak inposatutako %0,25 igoera ezartzen badigute, gure erosteko ahalmena gainbehera joango da”.
Pentsionistak Bermeon egin duten elkarretaratzean
Gainera, pentsioen kalkulua egiteko erabiltzen den Oinarri Erregulatzailearen %19ko jaitsieraz kexu dira pentsiodunak; orain arte 15 urte hartzen ziren kontutan, eta hemendik aurrera 25 urte hartuko dira. 2011.urtean ezarritako pentsio erreformaren ondorioa da hori.
Eskaerak. Pentsio duinak jasotzeko KPIaren erreferentea berreskuratzea eskatzen dute pentsionistek elkarretaratzeetan. “Rajoyren Gobernuak inposatutako %0,25eko igoera apurtzea eta Europako Eskutitz Sozialak gomendatzen duenari jarraituz, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea eskatzen dugu”, adierazi dute pentsionistek. Eta horretarrako Giza-Seguritate Sistema Propioa behar dutela aldarrikatuz.
Horren alde, Gernika-Lumon eta Bermeon elkarretaratzeak egiten jarraituko dute astelehenero pentsionistek. Gernika-Lumon udaletxe aurrean 12:00etan batuko dira, eta Bermeon Goiko Plazan ordu berean.
Gernikan batu diren pentsionistak