Olatz Arrizabalaga Emakume Master Cupeko finalean egongo da
Emakume Master Cupeko Lehen Mailako finalerako sailkatu zen atzo [martxoak 18] Oñatin jokatu zuen finalaurrekoan. Etxeberriako Leire Etxanizegaz batera kanporaketa bikaina egiten ari da gernikarra, eta aurten ere finalean egongo da iazko bikote irabazlea.
Gernikakoak eta Etxebarrikoak 18-13 irabazi zieten Miren Larrartek (Bidania) eta Maider Mendizabalek (Anoeta) osatutako bikoteari. Giro ezinhobean jokatu ziren partiduak, 950 ikuslek bete zuten pilotalekua.
Iazko irabazleek, Patri Espinar (Usansolo) eta Eneritz Arrieta (Azkoitia) izango dituzte aurkari datorren domekan [martxoak 25] Eibarko Astelehena frontoi ezagunean izango duten finalean. Ez dira aurkari errazak izango; finalaurrekoan 18 eta 6 nagusitu ziren usansoloarra eta azkoitiarra.
Promozio mailako finala, berriz, Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek eta Amaia Vicario donostiarrak eta Ainhoa Urien abadiñarrak jokatuko dute.