Anbizio falta, irabazteko gogoa falta izan zitzaion talde gernikarrari, zapatuan.
62-70 amaitu zen partidua.
Bi jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko, eta Lointek Gernika Bizkaiak Dia Ligaren sailkapenean postu bat behera egin du;
seigarrena da, 46 puntugaz. Aurretik, IDK Gipuzkoa dago, puntu bat gehiagogaz.
Ondo hasi zen etxeko taldea. Errioxarrak azken aurrekoak dira sailkapenean, eta neurketa hasi aurretik, partidua erraz irabazteko modukoa zela uste zuten askok. Baina, hirukoz hiruko puntuak pilatu zituen Campus Prometek.
6. minutuan, 13-15 markagailuagaz
hutsartea eskatu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak. Baina, boskotean egindako aldaketek ez zuten eragin handirik izan.
Naiara Diez Lointeken kapitaina.
Argazkia: Txebi Arriaga.
16-19ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena. Bi taldeak bizi, erritmo onean ari ziren. Baina, baloi jabetza laburrekin zebiltzan, eta arinegi jokatzeak baloiak galtzea eragin zien. Berdinketagaz joan ziren aldageletara (28-28), eta atsedenalditik bueltan,
giro zein joko hotza ikusi zen Malosten.
Defentsan zein erasoan, erritmoa hartzeko hiruzpalau jokaldi jarraian lortzea zen erronka.
Talde lan sendoa falta zitzaien etxekoei, eta hori ondo aprobetxatu zuten aurkariek. Partiduari buelta emateko zain zeuden zaleak, baina ez zen heltzen. Partidua amaitzeko 14 minuturen faltan, 39-47ko markagailuagaz zeuden. Prometeko jokalariek partidua irabaz zitekeela ikusi eta sinistu zuten.
Hiru puntuko aldeagaz heldu ziren azken laurdenera: 49-52. Bi taldeek bazekiten garaipena edozeinentzat izan zitekeela, eta ez zuten amore eman. Hasieran falta izan zitzaien anbizio izan zuten Lointekekoek. 54-56ko markagailuak esperantza eragin zuen zaleengan, baina, 56-65eko markagailuagaz garaipena urrundu zen.
Elkartasuna. Diabetes Cero egitasmoagaz bat egin du Lointek Gernika Bizkaiak, eta zapatuan talde argazkia atera zuten bi taldeetako jokalariek.
Argazkia: Gernika KESB.