Bertsolaritzen bertso idatzien lehiaketa egingo dute domekan
18 urtera arteko ume eta gazteek parte hartuko dute lehiaketan, hiru mailatan banatuta. 11:00etan hasiko dute lehiaketa, eta 13:30ean egingo dute sari banaketaBeste urte batez, Bertsolaritzen bertso idatzien lehiaketa egingo dute Mendatan. Domekarako j...
18 urtera arteko ume eta gazteek parte hartuko dute lehiaketan, hiru mailatan banatuta. 11:00etan hasiko dute lehiaketa, eta 13:30ean egingo dute sari banaketa
Beste urte batez, Bertsolaritzen bertso idatzien lehiaketa egingo dute Mendatan. Domekarako jarri dute hitzordua, eta goiz osoa igaroko dute bertan parte hartzaile zein ikusleek.Oilargane elkarteak eta Mendatako Udalak antolatutako lehiaketa horretan Busturialdeko, Zornotzako zein Munitibarko 18 urtera arteko bizilagunek parte hartuko dute.
Horiek guztiek hiru mailatan banatuta parte hartuko dute, beti legez; A kategorian, esaterako, 12 urtez azpikoak izango dira; B mailan, 12 eta 14 urtera artekoak, eta D mailan, azkenik, 15 urtetik 18 urtera artekoak.
Txapelketak 100 pertsona inguru biltzen ditu urtean-urtean, eta parte hartzaileek ondo pasatzeko aukera edukitzen dute, irudimenagaz jolastuz eta euskara landuz. Euskal kulturaren kontserbazioan ere bere alea jartzen dute.
11:00etan hasiko dute domekako lehiaketa, eta bertsolariek ordubete izango dute bertso idatziak egin eta aurkezteko. Hori baino lehen, baina, lehiakideek izena emateko aukera edukiko dute 10:30etik 11:00etara bitartean.
Epaimahaiak jasotako lan guztiak irakurri eta baloratu ostean jakinaraziko dituzte irabazleak nortzuk diren. 13:30erako aurreikusi dute sari banaketa.
Iaz, 108 lagun
Iazko Bertsolaritzen lehiaketako finalak, esaterako, 108 lagun bildu zituen Mendatan. Maila bakoitzeko irabazle eta txapeldunorde bana izendatu zituzten, eta beste askori aipamena egin zioten. A mailan, Sara De la fuente muxikarra (San Fidel ikastola) nagusitu zen; B mailan, Janire Arrizabalaga gernikarra (San Fidel ikastola) eta D mailan, Ane Aldana foruarra (Gernika-Lumoko institutua).