Skooterada egingo dute zapatuan Gernika-Lumon
Laugarren urtez jarraian ospatuko dute zapatuan Gernika-Lumon Skooterada. Iaz, 27 bat lagun bildu ziren, eta aurten, gehiago espero dituzte.
Zestagaz lotu dute aurtengo moto ibilaldia antolatzaileek, horregatik Gernika-Lumo eta Markina-Xemein lotzen dituen bidea egingo dute; bi herriak Zestaren topaleku baitira.
10:00etan batuko dira Araneko gasolindegian; handik Markina-Xemeinera joango dira eta buelta emango dute. “Ohiko bideetatik aldenduta errepide nagusiak saihestuko ditugu”, adierazi du Xabier Olano antolatzaileak. Urdaibaiko ingurua “oso erakargarria” delako saihestuko dituztela ibilbide nagusiak aitortu du antolatzaileak.
Bizkaiko begiratokitik igaroko dira Markina-Xemeingo bidean; bueltan, Omako baila ikusiko dute motozaleek.
Neguko motozaleen azken bilketa da Gernika-Lumon zapatuan burutuko dena, eta motozaleen elkarte desberdinak batuko dira bertan. Olanok adierazi moduan, Bilbotik hiru talde hurbilduko dira deialdira; SRB, Made in Bilbao eta AVN taldeak. Bizkaikoak ez ezik, Gipuzkoarra den Eibarreko Lanbreta taldea ere egongo da zapatuko ekitaldian. Hala ere, norbanakoek ere parte hartu dezakete ibilbidean.
Eguneko egitaraua. Eguerdira arteko egitaraua du zapatuko Skooteradak. Aurreko urteetan egin legez, aurten ere zapatuan ospatuko dute. Hala ere, Olanok hurrengo urtean domekan antolatzea posiblea dela adierazi du.
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian bukatuko dute biharko ibilbidea. Bertan, talde argazkia ateratzeaz gain, frontoian ekintza ezberdinak burutuko dituzte. Bisita gidatua egingo dute frontoian, eta motoetarako produktuak zozketatuko dituzte bertan. Gainera, Jai Alai koktel edariaren azalpena eta dastaketa egingo dute.
Ostean, Musutruk Kafe Antzokian, St.Patrick´s day jaia ospatuko dute. Bertan, Clover Wind folk irlandarra egiten duen taldea arituko da zuzenean.