Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen Topaketa egingo dute martitzenean
Komunikazioari buruzko hitzaldi parte hartzailea egongo da. Adela Balderas izango da hizlaria. Leartibai Garapen Agentziak bigarren urtez jarraian antolatu du topaketaLeartibai Garapen Agentziak eta Azaro Fundazioak antolatuta, Lea-Artibaiko Emakume Ek...
Komunikazioari buruzko hitzaldi parte hartzailea egongo da. Adela Balderas izango da hizlaria. Leartibai Garapen Agentziak bigarren urtez jarraian antolatu du topaketa
Leartibai Garapen Agentziak eta Azaro Fundazioak antolatuta, Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen II. Topaketa egingo dute martitzenean, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, 14:30etik 16:30era. Komunikazioa eta motibazioa landuko dituzte.«Badakigu ekintzaileek zelako zailtasunak dituzten egunerokotasunean, eta iazko topaketan euren beharrizanak identifikatu genituen. Askok esan ziguten komunikatzeko eran ez zutela euren burua ondo prestatuta ikusten; hor huts egiten zutela. Orduan, horri erantzuna emateko aukeratu dugu aurtengo gaia», azaldu du Jone Txurruka Leartibai Garapen Agentziako kideak.
Adela Balderas Basque Culinary Center, Esic Business and Marketing School eta Camarabilbao University Business School zentroetako irakaslea izango da hizlaria. Atal asko jorratzen ditu, eta dinamizatzaile moduan behar handia egiten du. «Hitzaldi txiki bat emango du. Parte hartzailea izango da, eta oso galdera zainduak egingo ditu».
Ondoren, world cafe-an elkartuko dira, euren artean «komunitate txiki bat» sortzeko. «Iaz ere hori bultzatu nahi genuen; eurak batzea. Zenbat eta gehiago, indar handiagoa izango dutelako». Beraz, ekintzaileak parte hartzera animatu dituzte.
Leartibai Garapen Agentziko kidearen berbetan, helburua da ekintzaileak topaketatik «indarberrituta» irtetea; «Mundua jango dutela sentitzea».
Iazko topaketan parte hartu zuten gehienak merkatariak izan ziren. «Gure eskualdean emakume ekintzaileen profila ondorengoa da gehien bat: ileapaintzaileak, estetizistak, merkatariak, aseguru etxeetakoak…». Horregatik eurei egokitutako ordutegia jarri dute.
Izena eman
Topaketan parte hartzeko edota informazio gehiago jasotzeko, ondorengo telefono zenbakira deitu behar izango da: 94-616 90 88. Nahiago izanez gero, jtxurruka@leartibai.com helbide elektronikora mezu bat bidali dezakete interesatuek.
«Gure datu basekoei, gure ekintzaileak izan direnei eta proiekturen bat martxan daukaten emakumeei zabaldu diegu deialdia».