Bizkaia Goazen autobusa Lea-Artibaira helduko da gaur
Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrei informazioa emateko eta horien ekarpenak jasotzeko autobus ibiltaria jarri du martxan aurten: Bizkaia Goazen.Bilboko Arte Ederren Museoko 40 artelanen kopien erakusketa eta Bizkaiko produktuez egindako pintxoz beteri...
Bilboko Arte Ederren Museoko 40 artelanen kopien erakusketa eta Bizkaiko produktuez egindako pintxoz beteriko foodtruck-a ditu bidelagun Bizkaia Goazen autobusak.
Urtarrilaren azken astean Bilbon jarri zuten ikusgai lehenengoz, eta ordutik, eskualdez eskualde dabil; azken egunotan, Bermeon, Mundakan, Elantxoben, Ibarrangelun, Kortezubin eta Gautegiz Arteagan egon ondoren, Gernika-Lumora heldu zen atzo.
Pasealekutik igaro ziren gernikarren zein turisten arreta bereganatu zuen; kanpoan zeuden koadroek eragin zuten ikusmin handiena, eta asko izan ziren autobus barrura sartu zirenak.
Gaur, berriz, Lea-Artibai eskualdera ailegatuko da. Ondarroan egingo du geldialdia; etzi Markina-Xemeinen egongo da, eta astelehenean, berriz, Lekeition. Datorren astean Zornotzan egongo da bi egunetan, eta Arratialdera joango da handik.
Guztira Bizkaiko 70 herritan egingo du geldialdia autobus ibiltariak.
Herritarrengandik gertu
Autobus ibiltari horregaz, pertsonengandik «oso hurre» egotea da aldundiaren asmoa, eta, horregatik, herrietako plazetara eramango dute, aurrez aurre azaltzeko foru erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren eta egiten duten lana zein den.
Era berean, herritarren iradokizunak jasotzea ere izango dute helburu, eta bisitariek aldundiaren zerbitzu eta informazioa ebaluatu ahalko dituzte.