Xixili Gimnastika Taldeak ekintzaz beteta ospatuko du 25. urteurrena
Klubaren historia laburbilduz erakusketa jarriko dute. Bi urtez antolatu ezin izan duten Xixili Torneoa berreskuratuko dute. Taldearen lana balioan jarri gura duteXixili Gimnastika Taldearen 25. urteurrena merezi moduan ospatzeko askotariko ekintzak pr...
Klubaren historia laburbilduz erakusketa jarriko dute. Bi urtez antolatu ezin izan duten Xixili Torneoa berreskuratuko dute. Taldearen lana balioan jarri gura dute
Xixili Gimnastika Taldearen 25. urteurrena merezi moduan ospatzeko askotariko ekintzak prestatu dituzte. Urteurren berezian, klubean egiten den lanaren eta bertako kideen esfortzuak eta lorpenak jakinaraztea dute helburu. «Herritarrei gure taldeak eta gure kirolariek egiten duten lana erakustea da helburua, guztiok gimnastika erritmikoagaz gozatu ahal izateko. Era berean, emakumeek kirolean duten presentzia ezagutzera emateko bidea ere izango da; gure kirolariek egiten duten lana eta ahalegina balioan jarriz».Klubaren ibilbidea argazkiekin eta mailotekin laburbilduko duen erakusketa prestatzen ari dira. Ekainaren 8tik 17ra jarriko dute ikusgai Nestor Basterretxea Aretoan, eta urrian Gernika-Lumoko Astran izango da. «Mailotak ikusgarriak dira, eta zelan aldatu diren ikusiko da. 25 urtetan zenbat jende pasatu den erakutsiko du; 2.000 ume aritu dira Bermeon, eta beste 2.000 Gernikan». Xixili GTren historia laburbilduz ikus-entzunezko bat ere egingo dute erakusketarako.
Ikasturtea modu berezian borobilduko dute aurten. Ekainaren 16an, ikasturte amaierako ekitaldiagaz batera, herri bazkaria egingo dute. Gaur egun klubean dauden eta aurretik egon ziren kirolariak, entrenatzaileak eta gurasoak elkartu gura dituzte egun horretan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.
Albuma agortuta
Aldizkaria kaleratzeko asmoa dute, eta babesle bila ari dira. «Aldizkariagaz kirol hau balorean jarri gura dugu, 25 urteko ibilbidea laburbiltzeagaz batera».
Kirolari eta entrenatzaile guztiak biltzen dituen albuma ere kaleratu dute. Diru sarrera bat izateagaz batera, kirola bera eta taldeko gimnastak ezagutarazteko asmoz egin dute, eta arrakasta izan du, agortuta baitago.
Halaber, Xixili Torneoa ere berreskuratuko dute. Diru faltagatik azken bi urteetan ezin izan dute egin, baina azaroan egingo dute. Ligatik eta federaziotik kanpo egiten den torneoa da; jendeak gimnastika erritmikoaz gozatzeko aukera eskaintzen duen ikuskizun bat da: «Maila altuko klubak ekartzen saiatzen gara. Kirolari trebatuak, federatuak biltzen dira».
Abenduan herriko kirol klubek egiten duten jaialdia ere erakusleiho oso ona izango dela zehaztu dute: «Urte amaieran Gernikan eta Bermeon egiten dugu, eta, aurten, zerbait berezia egingo dugu».
Sorrera
Klubaren historian leku esanguratsua daukate Andres Uriondok eta Bego Usandizagak. 1993. urtean eurek eman zituzten hasierako pausoak, eta senar-emazteak izan dira klubaren zutabe nagusietako bat. Klubaren ibilbide osoa bizi izan dute. Usandizaga da egungo presidentea; hamazortzi bat urte daramatza karguan, eta bere senarra izan zen klubaren lehen presidentea.
Zelanbait esateko, kasualitatez sortu zen kluba, herrian zein eskualdean erreferente izatera ailegatu da. Usandizagak gogoan dauka herrian eman zuten lehen erakustaldia: «Donostian bizi ginela Club Donosti eratu genuen, eta gure alaba bertan ibili zen. Lanagatik hona etorri ginenean, Bermeon neskentzat halako kirolik ez zegoela eta, erakustaldi bat egiten ekarri genituen Donostiako neskak. Artza frontoiko erakustaldia amaituta, 60 bat ume hurbildu ziren galdezka. 60 bat ziren sorreran, eta orain 200 umegaz gaude».
Jende asko pasatu da klubetik, eta urteurreneko ospakizunetan klubean «giltzarri» izan diren pertsonak nabarmendu gura dituzte. Haien lana goraipatu eta eskertu gura dute. Horietako bat da urte askotan entrenatzaile izan zen eta orain dela hiru urte zendu zen Macarena Milla. Irune Ormaetxea kirol zinegotziak udalaren aldetik klubak egin duen eta egiten duen lana eskertu du. «Batez ere Andres Uriondok eta Macarena Millak egindako lana goraipatu gura dugu. Macarena Bermeora etorri zen lehen entrenatzailea izan zen. Urteetan lan ikaragarria egin du, eta herrian benetan maila lortu bada, berari esker izan da».
Entrenatzaile oso onak eduki dituztela azpimarratu dute. Beti saiatu dira profesional onak ekartzen, eta, esaterako, Bulgariatik eta Kataluniatik etorritako entrenatzaileak eduki dituzte. «Alde horretatik ere maila altua egon da beti. Bi entrenatzaile eta bost laguntzailegaz entrenatzen dugu orain», zehaztu du Gotzone Goienetxea Xixiliko kideak.
Busturialdeko herri askotako ume eta gaztetxoak batzen ditu Xixilik, bai eta eskualdetik kanpokoak ere. Egindako lanari esker, erreferente izatea eta talde sendoa osatzea lortu dute. Maila oso altua dagoela agerian utzi dute txapelketetan.