Lointek Gernika Bizkaiak
67-79 galdu zuen Gironaren kontra atzo. Malosteko zaleek ez zuten hutsik egin, eta
jendetza batu zen etxeko taldearen eta Dia Liga irabazteko faborito nagusienetako baten arteko lehiaz gozatzeko. Zaleek ez, eta bi taldeetako jokalariek ere ez zuten hutsik egin; ikuskizun ederra eskaini zuten.
Talde katalana erregularrago aritu zen, erasoko jokaldietan orekatuago, eta erreboteetan nagusitasuna erakutsiz. Lointek ere bere mailan aritu zen, eta batik bat
hirugarren laurdenean nabarmendu zen. Lehen zatiko hainbat momentutan, ostera, zalantzan ikusi ziren etxekoak, baloia galtzen eta beharrezko ez ziren presekin.
Partidua hasi eta bost minutura seina berdinduta zeuden. Hasierako minutuetan Girona nabarmendu zen kantxan, eta batik bat Nadia Colhado jokalaria. Defentsako erreboteen erregina izan zen, eta erasoan eskuratzen zuen baloi bakoitza saskiratzen zuen. Horrela, 0-6ko partzialagaz, 8-14ko markagailura heldu ziren. Lointeketik Dongue eraginkor aritu zen, eta Caldewll ostera, nahi eta ezinean. Halaber,
Naiara Diez kapitainaren kantxaratzea erabakigarria izan zen, eta partiduak erritmoa hartu zuen.
17-24ko markagailuagaz ekin zioten bigarren laurdenari. Gironako Maria Conde hegaleko jokalariak lan handia egin zuen etxeko defentsa saihesteko. Gero, 21-29ko markagailuagaz zeudela neurketa gelditu behar izan zuten; Jesus Marcos Martinez epaileak min hartu, eta
ia hamar minutuz gelditu zuten.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Tarte horren ondoren, Lointek aukaria baino hobetu ikusi zen. Dongue distiratsu zebilen, eta Alstonek beste pauso bat gehiago ematea lortu zuen. Ondorioz,
bi puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira: 35-37.
Hirugarren laurdenean heldu ziren etxeko taldearen minutu onenak. Aurkaria estu hartu, baloia errekuperatu, aurkariarengan huts egiteak eragin, Caldwell erasoan bizi, Pina eraginkor… Talde lan sendoa burutu zuen. Eta Eric Suris Gironako entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen, 8-0ko partzilari aurre egiteko. Egoera geldiarazteko konponbideren bat behar zuen, eta asmatu zuen.
56-56ko berdinketagaz heldu ziren azken laurdenera.
Azken txanparen lehenengo minutuetan amaitu zen markagailuak erakusten zuen berdintasuna. Gironak atzean sendo arituz, baloia errekuperatzen eta kontraerasoko jokaldietan asmatuz errenta handitu zuen. Dongueren eta Caldwellen lau faltek eragin zuzena izan zuten etxekoengan, eta 64-68ko markagailuak esperantzarako tartea utzi bazien ere, ez zuen asko iraun. Gironak ondo borobildu zuen partidua azken minutuetan.
100 partidu. Bestalde, Gernika-Lumoko taldeak laugarren denboraldia du emakumezkoen gorengo mailan, eta
Mario Lopez entrenatzaileak tarte horretan 100 partidu zuzendu dituela ospatzeko omenaldia jaso zuen. Hain zuzen, aurreko jardunaldian Movistar Estudiantesen kantxan jokatutakoa izan zen ehungarrena, baina, klubak etxeko zaleen aurrean eskertu eta aitortu gura izan du gernikarraren lana.
Eduardo Candina presidenteak 100 zenbakidun dortsala oparitu zion, Malosten bildutakoen txalo artean.
Argazkia: Txebi Arriaga.