Bermeoko sutean kea arnasteagatik sei pertsona artatu behar izan dituzte

Gaur goizean, berriz ere, Bermeoko Alde Zaharreko bizilagunen artean ikara izan da nagusi. Oraingoan, Bidebarrieta kaleko etxebizitza batean piztu da sua. Hain zuzen ere, aipatu kaleko 15. zenbakiko lehenengo solairuan gertatu da ezbeharra, 11:25ean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.

Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, sei pertsona artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik, horietako lau Gernika-Lumoko eta Galdakaoko ospitaletara eroan behar izan dituzte.

Gernika-Lumoko eta Basauriko suhiltzaileen etxeetako hiru kamioi bertaratu dira sua itzaltzeko lanak egitera. 12:15ak aldera, sutea kontrolpean izan dute suhiltzaileek, eta gunea haizeztatzeko eta hozteko lanak egin ostean, 13:30ak aldera, sua guztiz amatatzea lortu dute.

Suhiltzaileekin batera, Ertzaintza, Bermeoko Udaltzaingoa, udaleko zerbitzu eta hirigintzako langileak, Herri Babesa eta Gurutze Gorrikoak ere bertaratu dira gunera.

Hiru solairuko egurrezko eraikina da Bidebarrieta kalekoa, eta hango bizilagun guztiak irtenarazi dituzte. Guztira, zazpi etxebizitza daude eraikin horretan, baina horietatik bi izan dira suak kaltetutakoak. Lehenengo balorazio bat egin ostean, Bermeoko Udalaren arabera, sutea sortu den lehenengo solairuko etxebizitzak ditu kalterik larrienak. «Gainontzeko eraikinak kalte puntualak ditu, baina orokorrean egitura ondo dagoela baloratu dute teknikoek». Hala ere, hango bizilagunak ezin izango dute euren etxebizitzetara bueltatu konponketa lanak egin arte.

12 lagun. Lau familia bizi ziren eraikinean, hamabi pertsona, hain zuzen ere, eta Bermeoko Gizarte Ongi- zate Patronatuko langileak euren egoera baloratzen ari direla esan dute udaletik, «laguntza eskaintzeko». Horrez gain, Bermeoko Udala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta aseguru etxeekin harremanetan jarri dela esan dute, «etxebizitza beharrizanei aurre egiteko».

sutea Bidebarrietan

Suhiltzaileen talde finkoa. Lehenengo minutuak oso garrantzitsuak izaten dira suaren kontra egiteko, eta Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duenez, gaurko suteak «Bermeon suhiltzaile talde finko bat edukitzea ezinbestekoa dela» agerian utzi du, berriz ere. «Suhiltzaileek gutxi gorabehera 20 minutu behar izaten dituzte Bermeora heltzeko».

Bizkaiko Foru Aldundiari behin eta berriro luzatutako eskaera dela gogorarazi du alkateak. Azken eskaera iazko martxoan izan zen. Ekainean, berriz, aldundiaren ezetza jaso zutela jakitera eman zuen Benito Iba- rrolaza alkateordeak. Gaurko sutea kontua hartuta, eskaria «aintzat hartzea» eskatu du.

 

Komunikabidea. Tokiko informazioa euskaraz. Busturialdean gertatzen denaren berri. Kiorla, kultura, gizartea, politika, aisialdia...
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend