Markina-Xemeingo Plazabarripea landare zaleen topaleku bihurtu da

Euriak eragina eduki du bisitariengan, eta iaz baino jende gutxiago bildu da azoka eremuan. Salmentak polito joan direla esan dute zuhaitz eta landare mintengietan bildutakoek

Landare zaleek urteroko hitzordua eduki zuten zapatuan, Markina-Xemeingo Plazabarripean, XVI. Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresneria Azokan 10:00etatik 14:00ak bitarte.

12:00ak aldera nahikoa jende zebilen azoka eremuan, landare, zuhaixka eta tresna artean. Dena dela, euriak baldintzatu egin du azokaren joan-etorria, eta iaz baino jende gutxiago ibili da: «Eguraldi txarrak asko baldintzatzen ditu halako azokak. Euriagaz jende gutxiago animatzen da, eta, gainera, dagoen lokatzagaz, badago orain landatu nahi ez duenik», zioten saltzaileek. Hala eta guztiz ere, ibili zen jendea erostera joan zela nabarmendu zuten.

Markina-Xemeingo Udalaren eta Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen ekimenez, landareen 11 mintegi eta baserri lanabesen saltzaile bat bildu dira azoka eremuan. Aurten ere, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak izan dira mintegiak, Murueta, Balmaseda, Bakio, Iurreta, Zaldibar, Igorre, Usurbil, Gatika eta Zarauzkoak, hain zuzen ere. Baserri tresnak, berriz, Lezamakoak izan dira.

Barrua gozatu eta gozotzeko produkturik ere ez zen falta izan. Aterpearen babesean aurkitu ahal izan ziren ardi gazta, ogi eta gozo, sagardo eta txakoli, Gernikako indaba, Errioxar jatorri izendapeneko ardo edota marmelada ekoizleak.

Salmentak polito joan ziren, eta asko eta asko izan ziren etxera esku hutsik joan ez direnak.
Ez dago iruzkinik
iteyedu
2018-07-26 09:13:35

Send this to friend