‘Bizkaia Goazen’ autobusa martxoan ailegatuko da Busturialdera
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Goazen autobusa eramango du lurraldeko ia 70 udalerritara, herritarrei informazioa emateko eta horien ekarpenak jasotzeko.
Bilbon jarri zuten ikusgai lehenengoz martitzenean, eta gaur Sondikara lekualdatuko dute.
Pertsonengandik “oso hurbil” egotea bilatzen du aldundiak autobus ibiltari horren bitartez, eta, horregatik, herrietako plazetara eramango dute, aurrez aurre azaltzeko foru erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren eta egiten duten lana zein den.
Era berean, herritarren iradokizunak jasotzea ere izango dute helburu, eta bisitariek aldundiaren zerbitzu eta informazioa ebaluatu ahalko dituzte.
Aipatu autobusak elementu bi izango ditu: batetik, Bilboko Arte Ederren Museoko 40 artelanen kopien erakusketa jasoko du, eta, bestetik, foodtruck-a izango du aldamenean, Bizkaiko produktuak dastatzera emanez.
Martxoaren 5ean eta 6an Bermeon egongo da autobusa, 7an Mundakan, 8an Elantxoben, 10ean Kortezubin eta Gautegiz Arteagan eta 12an eta 13an Gernika-Lumon.