Iazkoagaz alderatuta, Berriatuak %22 handitu du udal aurrekontua
Aho batez onartu dute 1.850.000 euroko udal aurrekontua. Berdintasun eta euskara batzordeak sortuko dituzte. Besteak beste, Energia Burujabetza plana egingo dute1.850.000 euroko udal aurrekontua onartu dute Berriatuan. Urtarrilaren 8ko osoko bilkuran a...
Aho batez onartu dute 1.850.000 euroko udal aurrekontua. Berdintasun eta euskara batzordeak sortuko dituzte. Besteak beste, Energia Burujabetza plana egingo dute
1.850.000 euroko udal aurrekontua onartu dute Berriatuan. Urtarrilaren 8ko osoko bilkuran aho batez onartu zuten 2018rako aurrekontua.Hain zuzen, agintaldian lehenengoz, oposizioaren aldeko botoak lortu dituzte, eta Jon Arriola Espilla alkateak «poztekoa» dela azpimarratu du. 2017ko udal aurrekontuagaz alderatuta, %22 handitu dute aurrekontua 1.500.000 eurokoa izan zuten iaz. Ondorioz, inbertsioetarako diru gehiago edukiko dutela zehaztu du.
Alkatearen berbetan, udalerrian burutuko diren inbertsio gehienek herritarrekin egindako parte hartze prozesuan jasotako eskaerei «erantzuna ematen» diete.
«Udal kutxatik 120.000 euro inguru jasoko ditugu, eta horrek inbertitzeko aukera emango digu. Era berean, herriko musika eskolak eta Markina-Xemeingoak bat egin dutenez, hango udalak ere laguntza emango digu», azaldu du Arriolak. Hala, sarrera handiagoak izango dituzte, baina horrek gastuak handitzea ere eragingo du.
Udalerriko elkarteetara bideratutako diru laguntzak mantendu egingo ditu udalak. Aurrekontuaren zati handi bat hirigintza eta azpiegitura obretarako izango da. Baina «partida berriak» ere badituzte.
Esate baterako, Energia Burujabetza plana eta Irisgarritasun eta Mugigortasun plana egingo dituzte.
Lehenengoa eskualdeko Barrizar energia zerbitzuen kooperatibak burutuko du, eta 18.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute. Iriste erraztasunari eta mugikortasunari dagokion planerako, berriz, 20.000 euro edukiko dituzte.
Etxebizitza plana
Halaber, bi azterketa burutuko dituzte. Alde batetik, Etxebizitza plana egingo dute. Hau da, azterketa soziala egingo dute 20 urteren buruan herrian sor litekeen etxebizitza beharrizana zelakoa den ikusteko. «Ze beharri- zan dagoen aztertuko dugu; zenbat eta zelako etxebizitzak behar ditugun jakiteko».
Beste alde batetik, Hiritik At enpresagaz herriko eraikin publikoen diagnostikoa egingo dute. Zeintzuk eraikin dituzten, eta hutsik dauden eraikinen kasuan zelako erabilera eman ahal zaien edota zertara bideratu litezkeen ikusi nahi dute, parte hartze prozesuaren bitartez.
Bestalde, berdintasun eta euskara batzordeak sortzeko asmoa daukate, eta horretarako gorde dute aurrekontuaren zati bat. Zehatz esateko, 6.000 euro aurreikusi dituzte berdintasun batzorderako, eta 4.500 euro euskara batzorderako. «Batzorde horiek sortuko ditugu, eta ondoren, batzorde bakoitzean erabakiko da partida horiekin zer egingo den», adierazi du Berriatuko alkateak.
Baso autoktonoa
Berritasunen artean, baso autoktonoa sortzeko asmoa dauka udalak. Horretarako, lursail bat erosiko dute. Baso autoktonoa edukitzeko 10.000 euroko inbertsioa egingo dute.
Hirigintzari eta azpiegiturei dagokienez, 99.000 euro udaleko brigadaren biltegiko 2. faserako izango dira, eta horregaz, lanak amaitutzat emango dituzte.
Gardotza industriagunea urbanizatzeko 85.000 euro bideratuko dituzte, eta Etxepintxu kaleko urbanizazioaren 1. faserako 62.000 euro inguru. Auzo bideak konpontzeko 26.000 euroko aurrekontua izango dute.
Bestalde, eliza azpiko plaza konpontzen 27.000 euroko inbertsioa egingo dute, eta Agustone etxearen teilatua berritzeko 20.000 eurokoa. Alkateak azaldu duenez, Gazte plana egin zutenean gazteek egindako eskaeretako bat izan zen eliza azpiko plaza konpontzea.