Baserrien lehiakortasuna zelan hobetu erakutsiko dute
Baserrien lehiakortasuna hobetzeko tresnak bilatzeko lagungarri izan nahi du Urremendi Landa Garapen Elkarteak, eta horretarako jardunaldia antolatu du urtarrilaren 23rako.Tokiko ekoizleei laguntza eskaintzeko jardunaldia izango da egun horretakoa, eta...
Tokiko ekoizleei laguntza eskaintzeko jardunaldia izango da egun horretakoa, eta, beraz, lehen sektoreko profesionalei zein bertan hasi gura dutenei zuzenduta egongo da. Hitzaldien bitartez eta baserritarren esperientzia praktikoak azalduz, baserriko produktuak identifikatu eta bereizteko ziurtagiriak eta ekoizpen ekologikoa aurkeztuko dituzte, horiek baserritarren produktuei «balio erantsia» ematen baitiete.
Urremendik azaldu duenez, lantzen duten landa garapenerako estrategiak jasangarritasuna eta ingurumena errespetatzen ditu, eta nabarmendu du geroz eta jende gehiagok eskatzen dituela ingurumena errespetatzen dituzten kalitatezko produktuak eta produktu ekologikoak. Adibide legez aipatu du, esaterako, eskualdean bultzatu duten Jangurie Urdaibaiko Eskola Jantokien ekimena.
Modu horretan aurrera egin nahi du Urremendik, eta horretarako tresna nagusi ditu, adibidez, informazioa eta heziketa; izan ere, «ekoizleak eskariari erantzuteko prest» egon behar direla diote. Hala, aipatu jardunaldiaren bitartez erakutsi nahi diote kalitatezko ziurtagiriak erabiltzea zein baliogarria den beraien lanerako.
Baserrien lehiakortasuna hobetzeko tresnak: kalitatezko ziurtagiriak eta ekoizpen ekologikoa izenburupean gauzatuko dute hilaren 23ko jardunaldia, eta azaldu dutenez, atal ezberdinetan banatuko dute. Batetik, hitzaldiak emango dituzte: Josu Garaialde HAZIko sustapen zuzendariak, esaterako, goi mailako kalitatezko elikagaiak bereizteko indarrean dauden ziurtagirien ekosistema azalduko du, eta Xabier Lejarzegi ENEEK-ko koordinatzailea, aldiz, ekoizpen ekologikoari buruz ariko da, eta ziurtagiri ekologikoa nola lortu azalduko du.
Beste alde batetik, baserritarrek beraien esperientzia praktikoak azaltzeko aukera izango dute. Hain zuzen, kalitatezko ziurtagiriak eta ekoizpen ekologikoagaz lan egiten duten eskualdeko ekoizle batzuk izango dira beraien esperiantziaz ariko direnak.
Produktuen dastaketa
Hitzaldi eta esperientzia kontaketen ostean, atseden hartu eta ekoizleen artean harremanak sendotzeko aukera egongo da hilaren 23ko hitzordu horretan, aipatutako tokiko kalitatezko produktuen dastaketa izango da-eta aukeran.
Jardunaldia 11:30ean hasi eta 14:30era arte egingo dute, Gernika-Lumoko Elai-Alai areto txikian. Bertan parte hartzea doakoa izango da, baina derrigorrezkoa izango da izena ematea. Horrenbestez, interesa daukatenek Urremendigaz harremanetan jarri beharko dira barikua baino lehenago. 94-625 76 09 telefono zenbakira deituta edota lehensektorea@urremendi.org helbidera mezu bat idatzita eman daiteke izena.