Udal aurrekontuak egiteko herritarren parte hartze prozesua jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak

Beste urte batez, udal aurrekontuak zehazteko herritarren iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta horretarako herritarren eskura jarri du inprimaki bat udalaren webgunean (www.gernika-lumo.net). Interesa daukatenek urtarrilaren 26ra arteko epea izango dute parte hartzeko. Behin inprimakia betetzen dutenean posta elektronikoz bidali beharko dute (partaidetza@gernika-lumo.net) edota udaletxeko informazio sailean aurkeztu ahalko dute.

Duela hamar urte jarri zuen martxan udalak herritarren parte hartze prozesua, alkateak auzoz auzo egiten dituen bisitekin. Eta batzar horien osagarritzat aurkeztu dute, beste behin, herritarrentzako aukera hori. Hala, herrian bizi diren lagunen ideiak, proiektuak eta proposamenak jaso ahalko ditu udalak, gerora, horiek aztertu eta teknikoki edo ekonomikoki bideragarriak direnak aukeratu eta 2018ko udal aurrekontuen zirriborroan biltzeko.

Aipatu proposamenak Gernika-Lumon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako bizilagunek egin ahal izango dituzte. Halaber, udalaren erakunde erregistroan izena emana duten erakunde edo elkarte, fundazio, sindikatu, enpresa elkarte, elkargo profesional zein herri erakundeek parte hartu ahalko dute. Betiere, izera juridikoa izan eta udalerrian egoitza iraunkorra dutenak izan beharko dute.

Horiek guztiek hainbat arlori buruzko ideiak aurkeztu ahal izango dituzte; hala nola, berdintasuna, kultura, kirola, ekonomia sustapena, hezkuntza, euskara, gazteria, ingurumena, osasuna, gizarte segurtasuna, babes zibila eta gizarte ekintza gaiei lotutakoak.

Dena den, udalak nabarmendu du interes partikularren ganetik, interes orokor eta gizarte onura duten proposamenak izan beharko direla, eta inolaz ere ez legez kanpokoak, iraingarriak edo batzertzaileak direnak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend