Sukarrietako Udalak bilera egingo du bihar herritarrekin
Sukarrietako bizilagunak jakinaren gainean jarri gura ditu Sukarrietako Udalak. Modu horretan, bilera egingo dute bihar arratsaldean. Horretan, San Antonio enklabearen auzian Sukarrietako Udalak hartuko dituen neurrien berri emango dutela azaldu dute u...
Interesa daukaten herritarrek 18:00etan egon beharko dute gazteen lokalean. Bilera horretan San Antonio enklabearen auzian Sukarrietaren interesak ordezkatzen dituen abokatua egongo dela zehaztu dute.
Busturiarena
Bizkaiko udal mugarteei buruzko 8/1993 Foru Araua ezarrita, San Antonio enklabea inguratzen duen udalerriaren esku geratzea erabaki zuten 2017ko abenduaren 14an Bizkaiko Batzar Nagusiek, hau da, Busturiaren esku. Podemos Ahal Duguren eta talde mistoaren aldeko botoekin, foru aldundiaren proposamenak aurrera egin zuen. Gainontzeko alderdiak abstenitu egin ziren.
Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak adierazi zuen, aldundiaren ebazpena EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2013an emandako epaia betetzera zetorrela.
Udalak «bere lurraldearen osotasuna, historia eta herria izaten jarraitzeko gaitasuna defendatzen jarraituko duela» esan du behin eta berriro, «Abiña auzoa Sukarrietakoa baita jatorriz».