Kuxkuxeroak egitasmoaren lehen saioa egingo dute zapatuan Gernika-Lumon
Gazteen arteko euskararen erabileran eragin nahi duen Kuxkuxeroak egitasmoak lehenengo saioa Gernika-Lumon egingo du zapatuan.
Esperientzia pilotua da Iametza enpresak Gernika-Lumoko Udalaren, Gaztelekuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz martxan jarritakoa. Eta euskararen erabileran erreferentzialtasuna landuz, eredu izan daitezkeen pertsonekin galdera librean aritzea bilatzen du, «naturaltasunez». Izan ere, «euskarak erreferentzialtasuna behar du, bitarteko eta planteamendu desberdinekin». Hori horrela, bitarteko horietako bat izan nahi du Kuxkuxeroak-ek.
Azaldu dutenez, egitasmoa 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago, hala ere, ez diotela inori aterik itxiko jakinarazi dute.
Zapatuan 19:00etatik aurrera kultur etxean egingo duten lehen saio horretan, Alex Sardui eta Izaro Andres abeslariak egongo dira, eta horiekin solasean aritu ostean, argazkiak ateratzeko eta beraien sindadurak jasotzeko aukera ere izango dute bertaratzen diren lagunek. Saioan parte hartzeko ez da aurretiaz izenik eman beharko, baina egun hori iritsi orduko izango da protagonista biei egin nahi zaizkien galderak bidaltzeko aukera, www.kuxkuxeroak.eus webgunearen bitartez.
Egitasmoaren bultzatzaileek diotenez, gazteek hedabideetan agertzen diren pertsonaien (aktoreak, musikariak, kirolariak) portaerak kopiatzeko ohitura daukate, eta hori dela eta, hurrengo saioetarako ere gonbidatu ezberdinak ekarriko dituzte.
Kuxkuxeroak egitasmoa abendua eta 2018ko urtarrila bitarte gauzatu nahi dute, guztira, hiru saio eginda. Hala, horietan lau gonbidatu izango dira; Alex Sardui eta Izaro Andres lehenengoan eta Nerea Mazo aktorea bigarrenean. Baieztatu dutenez, urtarrilaren 20an egingo dute bigarren saioa Gernika-Lumon.