Foruko Udalak landa bideen inbentarioa egingo du
Foruko Udalak azaldu du epe motzean herriko landa bide guztien inbentarioa egingo duela.«Antzinako landa bideak gure historiaren parte dira, eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da gure arbasoen eta ondorengo belaunaldien bizimodua ulertzeko», uste du F...
«Antzinako landa bideak gure historiaren parte dira, eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da gure arbasoen eta ondorengo belaunaldien bizimodua ulertzeko», uste du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak.
Gainera, mugen eta bideen jabeen artean sortzen diren desadostasunak argitzeko, sor daitezkeen eztabaidak saihesteko eta bideen kontserbazioa laguntzeko baliagarria izango dela esan du. Bestalde, alkatearen arabera, landa bideen memoria berreskuratzea herriko etorkizuneko plangintzarako «garrantzitsua» izan daiteke.
Bide guztiak ezagutzeko
Inbentarioak bide nagusiak, ibilgailu zein oinezkoek erabiltzen dituzten bideak, harriztatu barik daudenak, lehengo burdinbideak, bidezidorrak edota bidexkak ezagutzea bermatuko du.
Ikerketa egingo dutenek metodo historiko-geografikoa eta bermeak eskaintzen dituen administrazio prozedura bat erabiliko dutela jakitera eman dute udal ordezkariek. Hurrengo alorrak edukiko dituzte kontuan egiterakoan: kartografia, katastroa, antzinako agiriak eta testuak eta Foruko herritarrengandik jasotako zuzeneko informazioa. Izan ere, Foruko alkateak dioenez, herritarren partaidetzak «lehentasuna» izango du ikerketa lanean. Horretarako, galdeketa saioak eta batzarrak egingo dituzte.
Batzarretan herritarrek inbentarioa egiteko erabiliko duten metodologiaren eta administrazio prozeduraren berri edukiko dute.
Lehenengo bilera abenduaren 18an egingo dute, astelehenean, 18:00etan, Foruko udaletxeko osoko bilkuren aretoan.